AEBetako Armadako marineak hasi dira Irakeko Faluja hiritik erretiratzen ia hilabetez setiatuta eduki eta gero. Hiri hartan berriemaileak dituzten telebista kate arabiarrek agertu dutenez, Faluja hegoaldean eta mendebaldean dituzten posizioetatik alde egiten hasi dira soldadu estatubatuarrak. Armadako buruek eta bitartekari irakiarrek akordioa lortu zuten atzo, eta horren arabera, indar iraikiarrek hartuko dute hiriaren kontrola. Hala ere, borrokak ez dira amaitu; AEBetako bi soldadu hil eta beste sei zauritu dituzte auto bonba batekin, hiriaren kanpokaldean.
Falujako krisia martxoaren 31n hasi zen: segurtasun arloan lan egiten zuten lau estatubatuar hil zituzten, eta eraso horri erantzunez, AEBetako Armadak hiria setiatu zuen, eta ustez erresistentziako ekintzaileak gordea zeuden auzoei gogor egin die eraso. AEBen ekinak hildako asko utzi ditu: 279 Irakeko Osasun Ministerioaren arabera, eta 600dik gora hiriko osasun zerbitzuek agertu zutenez. Guztira 300.000 bizilagun ditu Falujak, eta Saddam Husseinen aldeko erresistentziaren gogorlekuetako bat da.
Zenbait egunez nolabaiteko menia indarrean egon ondoren, duela hiru egun erasoaldi handia hasi zuten berriro estatubatuarrek Falujaren kontra. Bonbardaketa handiak egin ondoren, atzo, hiriko bitartekariekin akordioa lortu zutela eta erretiratera zihoazela iragarri zuten AEBetako buruzagi mlitarrek.
Besteak beste, bitartekariekin adostu dute erretiratzearen ostean indar irakiarrek hartuko dutela Falujaren kontrola; hain justu, Saddam Husseinen erregimenean jeneral zen batek gidatutako indar polizial baten mende geratuko da hiria.
Bi soldadu hil eta sei zauritu
Mark Kimmit AEBetako armadako generalak aditzera eman duenez, bi soldadu hil eta beste sei zauritu dituzte gaur, Faluja kanpoaldean. Iturri horien arabera, soldaduen akanpaleku inguruan auto bonba bat zartarazi dute.
AEBetako soldaduak Falujatik alde egiten hasi dira, baina, borrokak ez dira amaitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu