Ariane Kamio
Txirrindaren gurpilen hotsa entzuteak eztarria ixten du eta 2.000 metroetan dagoen aire apur horri ez dio biriketara sartzen uzten. Gailurrera iristeko azken metroak agoniaz beterik egoten dira beti. Burua hotz dago. Eta milaka ideia pasatzen dira bertatik; bat ere ez da izango egokia ziurrenik.
Bero sargoria dagoen egun batean hondartzarako autobusa hartzea bezalakoa izan behar du bizipen horrek. Autobusaren gurpilen hotsak burua eztandarazten dizu. Ibilgailuko leihatilak irekita egon arren ez dago arnasik hartzerik. Geltokira iristeko ibilbidea, agoniaz beterik dago. Eta burutik milaka ideia pasatzen zaizkizu; bat ere ez da egokia izan ohi.
Baina gailurra zanpatzeak edo geltokira heltzeak ez du parekorik. Aurretik sufritutako guztiak ahaztu egiten dira. Burura ez dator ideia txarrik. Eztarria irekita dago, eta birikak airez beterik. Batzuk, helmugarako bidea hartzen dute. Besteak, hondartzara goaz.
Hondartzan zein helmugan, bakoitzak lortu du bere helburua. Batzuk itsasora eta besteak ostatura,biharko agonia eramangarriago izateko esperantzarekin.
Agonia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu