EAJk babestu egin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak irailaren 25erako deitu izana Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara. Espainiako gobernabidearen egoera eta Eusko Legebiltzarraren jarduna amaitu dela aintzat hartuta, "erabakirik positiboena" hartu du Urkulluk, EAJren iritziz.
Urkulluk agerraldia amaitzerako egin du hauteskunde egunari buruzko balorazioa Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak: "Prest gaude hurrengo hauteskundeen erronkarako". Mendiak nabarmendu du "azken urtea galdu" egin dutela, "EAJren eta bere hautagaiaren interesen menpe" egon delako.
Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaiak ere agerraldia egin du. Ez du ezustean hartu hauteskunde deialdiak: "Lanean harrapatu gaitu. Proposamen sendoak egingo dituen talde batekin lanean". Otegik ardura bat jarri dio bere taldeari: "Eztabaida politikoa mediokritatetik atera eta bizkarrezurrik gabeko show politikaren aurrean, proposamen sendoak egitea".
Oraindik ez da jakina nor aurkeztuko duten lehendakarigai Ahal Dugu-k eta PPk. Astelehenean emango dute biek horien berri. Alfonso Alonso PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidenteak agerraldia egingo du 11:30ean hautagaia nor izango den jakinarazteko, eta Ahal Dugu-k ere astelehenean esango du nor nagusitu den alderdiko hauteskunde primarioetan. Sei hautagai lehiatuko dira.