Ahotsak-eko kide guztiak indarkeriaren aurka daudela nabarmendu du Lasak (EA)

Mendiaren (PSE-EE) iduriko, aurrerapauso handia litzateke ekimen horrek Barajasko atentatua gaitzestea

2007ko urtarrilaren 18a
14:49
Entzun
Onintza Lasa EAko komunikazio idazkari eta Ahotsak-ekimeneko kidearen ustez, bi gauzak batzen ditu ekimen horretako kideak: indarkeriaren kontrako jarrerak eta elkarrizketaren aldekoak. "Guk argi daukagu indarkeriarik gabeko eszenatoki batean aritu behar dugula eta elkarrizketa dela bide bakarra. Hori da komunean dauakaguna, indarkeriaren kontrako jarera eta elkarrizketaren aldekoa. Banatzen gaituen gauzetan sakontzen badugu, noski aurkituko digugula, baina uste dugu metodologiak beste era batekoa izan behar dula, banatzen gaituena baztertu eta batzen gaituenari, heldu. Izan ere, urratsak txikiak izan arren, konbentzituta baigaude aurrerapausoak direla", esan du Euskadi Irratian.

Egunotan Ahotsak-ek Barajasko atentatuaren ondoren hartu beharko lukeen jarrerari buruzko eztabaida sortu da, batik bat, ekimeneko kide ez direnek bultzatuta, baina atzo atentatuaren inguruko eztabaida irekitzearen alde agertu ziren EBko emakumeak. Horren harira galdetu diote Euskadi Irratian Lasari.

Halaber, Ahotsak-eko kide den Idoia Mendia PSE-EEko legebiltzarkidea ere elkarrizketatu dute Euskadi Irratian, gai beraren inguruan, eta taldeak Barajasko atentatua gaitzestea "aurrerapauso handia" litzatekeela nabarmendu du. "Nahiz eta gure estuan garbi esaten den indarkeria eta politika bateraezinak direla bakea lortzeko, nire iritzian beharrezkoa da eta aurrerapauso handia litzateke emakume guztiok, nahiz eta ideologia diferenteetakoak izan, atentatua gaitzesteko agiri bateratu bat egiteko gai izatea", adierazi du. Agiri horrek "pedagogia egokia" egiteko balioko lukeela erantsi du, eta, orain, "bake prozesurik ez dagoen unean" pedagogia dela Ahotsak-en egitekoa.

Urtarrilaren 10ean agiria plazaratu zuten Ahotsak-eko kideek, Barajasko atentatuaren ondoren ere bakearen alde elkarrekin lanean aritzeko konpromisoarekin aurrera jarraitzen zutela azalduz. PP, UPN eta Frantziako eskuineko alderdietakoek ezik, osterantzeko alderdi guztietako Euskal Herri osoko emakumeak biltzen ditu Ahotsak-ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.