Markel Olano EAJko EBBko kidearen esanetan, Euskal Herriko azpiegiturak "zaharkituak" daude, "errepideak kolapsatuta", eta hori dela eta "ezinbesteko" ikusten du AHT Abiadura Handiko Trenaren moduko proiektua bat egitea. Pernado Barrena Batasuneko kideak onartzen du "errepideak kolapsatuta" daudela, baina ez zaio iruditzen arazoa AHT eginez konpontzen denik, "areagotu baizik". EAko Josu Erkiaga eztabaida herriratzearen alde agertu da, eta EB-IUko Mikel Aranak esan du 'Euskal Y' proiektuaren aurka dagoela
Espainiako Ministroen Kontseiluak 'Euskal Y'-ren lehen 46 kilometroak onartuko du, zortzi zati ezberdinetan. Proiektuak 814 milioi euroko aurrekontua du, eta urte amaieran lanei heltzea proposatuko dute.
Berri hori hizpide hartuta aritu dira berriketan Euskadi irratiko politikoen solasaldian. Markel Olano EAJko EBBko kideak "egungo errepideak kolapsatzen" ari direla nabarmendu du. "Mundu idilikoa eta Euskal Herri perfektua" mundu guztiak nahi duela azpimarratu du, baina errealitatean "ezinbestekoa" da AHT moduko azpiegitura bat egitea.
Pernando Barrena Batasuneko kideak Eusko Jaurlaritzak azken egunetan 'Euskal Y' defendatuz telebistetan eta irratietan zabaldu duen iragarkia kritikatu du, eta hauteskunde kanpainarekin parekatu du. "Gero PPri esaten diogu horrelako mementoetaz baliatzen dela proiektua saltzeko, baina EAJ gauza bera egiten ari da. Gainera, guztiok proiektu horrekin ados gaudela dio iragarkiak, eta hori gezur handia da", zehaztu du Barrenak.
Batasuneko kidearen ustez, egungo azpiegiturak "sakonki hobetuz" lor daiteke "herri honek behar duen azpiegitura eredua". "'Euskal Y'-k izugarrizko abiadura du, izugarrizko afekzioa, orain arte bat egiten duten inguruak banatu egingo ditu, eta gure herriaren orografia kontuan izanda...".
Josu Erkiaga EAko kidearen esanetan, "eztabaida kalera atera" beharra dago. Lanen hasiera urte bukaeran izango dela esan du Espainiako Gobernuak, baina Erkiagaren esanetan, horrelako proiektu erraldoi bat egiteko Europako diruak beharko dira.
Mikel Arana EB-IUko kidea proiektuaren aurka dago, "erabat aurka". Haren ustez, PP Gobernuaren asmoa hauteskunde propaganda egitea da gaurko onarpenarekin, "erabakiak kutsu elektoral nabarmena du".
Politikoen solasaldia
AHT moduko azpiegitura bat egitea "ezinbestekoa" dela adierazi du Markel Olanok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu