AHTaren Hernani-Astigarraga zatiaren lehen harria jarri du gaur Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Hernaniko Akarregi Industrialdearen inguruan egin duten ekitaldian.
Hernani-Astigarraga zatiak 71,5 milioi euroko aurrekontua du, eta hori burutzeko epea 27 hilabetekoa da.
Zati horrek izango dituen elementu berezien artean, Hernaniko bide-zubia azpimarratu du Jaurlaritzak. Bide-zubiak 1.025 metroko luzera izango du, eta Gipuzkoako adarreko luzeena izango da.
Jaurlaritzatik jakinarazi dute une honetan 15 direla Gipuzkoan AHTaren lanetan dauden zatiak: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea, Ezkio Itsaso, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta, Tolosa, Tolosa-Hernialde, Andoain-Urnieta, Urnieta-Hernani eta Hernani-Astigarraga.
Denbora gutxi barru hasiko dira Zizurkil-Andoain zatiko lanak, eta Hernialde-Zizurkil zatiak lizitazio prozesuan jarraituko du.