Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Aurkako Asanbladak, azken 15 urteotan AHTren aurka egindako borrokaren ildotik, honako gogoetak kaleratu nahi ditu:
- AHTren aurkako oposizioak ahalik eta zabal, herrikoi eta partehartzaileena izan behar du. Egitasmo horren ondorio kaltegarriei buruzko informazioa, desobedientzia zibila, ekintza zuzena eta mobilizazio masiboak dira AHT geldiarazteko tresna egokiak.
- AHTren kritikak, proiektu horren oinarrian dagoen sistema sozialaren kritika zorrotza egitera eramaten du. Desarrollismoaren ondorio ekologiko eta sozial larriei buruz kontzientzia hartzeko baliagarria izan behar du AHTren aurkako borrokak. Erokeriazko mugikortasunaren eta energia nahiz baliabideen xahuketaren aurrean, autonomia eta hurbiltasuna defendatzen ditugu; inposaketaren eta hierarkien aurrean, auto-antolaketa eta asanblada kontrajartzen ditugu.
- Indarkeriari gagozkiola, estatuek eta kapitalismoak egunerokotasunean lurrari eta pertsonei noziarazten diguten biolentzia bezalakorik ez dago. Heriotzak eragiten dituzte gerrateek, kutsadurak, lan-istripuek, hilkutxa gurpildunek, soldatapeko miseriak, langabeziak, indar polizialek, e.a., eta biolentzia-adierazpen horiek denak era gutxi-gehiago nabarian jasaten ditugu. AHTren eraikuntzak langile errumaniar baten bizia eraman zuen joan den uztailaren 14ean Lukun.
Guzti horregatik, AHTren Aurkako Asanbladak honako hau adierazten du AHTren eraikuntza lanetan diharduen enpresa bateko buru Inazio Uriaren heriotza eraginez ETAk abenduaren 3an Azpeitian egindako hilketaren aurrean:
- ETAri gatazka honetan ez esku hartzeko exijitzen diogu. Exijentzia hau ez zaio inondik ere Estatu espainiarraren politika “antiterrorista”ren gibelean jartzeari zor, AHTren inposaketa gelditzeko borroka moldeen zilegitasunari buruz hausnarketa zabaltzeko eta herri mugimenduaren autonomiari eusteko daukagun asmo erabakiari baizik.
- AHT bultzatzen duten alderdi politikoei eta enpresei ekintza kontsumatuen politika ezarri izana leporatzen diegu, egitasmo hori bide guztietatik inposatzen saiatuz: AHTren ondorio sozial eta ekologikoen ezkutaketa, intoxikazio informatiboa, oposizioarekiko jazarpen poliziala, obren militarizazioa, propaganda gezurtia eta AHTren inguruan gizartean dagoen desadostasun sakona agerian jarri duten herri galdeketa eta era guztietako adierazpenen aurrean erdeinua erakutsi dute. Inork ez dezala Inazio Uriaren hilketa AHTren inposatze-asmoa indarragotzeko erabili galdegin eta AHT gelditu beharra dagoela berriro aldarrikatu nahi dugu.
- Prentsaren gehiengoak borroka hau hasieratik mespretxatu eta ondoren zeharo desitxuratu duela salatu behar dugu, harik eta Inazio Uriaren hilketaren ondotik asmo zeken eta sarraskijale batzuek mugituta, AHTren aurkako oposizioari nola edo hala prestigioa kentzeko eta kriminalizatzeko asmoz kanpaina intoxikatzailean murgildu diren arte.
- Bukatzeko, Abiadura Handiko Trenaren aurka aritzeko borroka molde egokiak eta gure herrian inoiz planteatu den azpiegiturarik suntsitzaileena den horrek ordezkatzen dituen baloreak errotik eraldatzeko bide aproposak zein diren berretsi nahi dugu: kontzientziaioa, mobilizazioa, desobedientzia eta ekintza zuzena. Horrenbestez, euskal herritarrei eta AHTren kontrako iritzia duten gizarteko sektore guztiei eguneroko borrokan partehartzeko eta era aktiboan engaiatzeko dei egiten diegu, AHT behin betiko gelditzea lortu arte. Posible delako, geldituko dugu.
=bAHTren aurkako Asanblada
2008ko abenduaren 10ean=b
AHTren Aurkako Asanbladaren agiria osorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu