AHTren lanak hasteko agindua eman dezala eskatu dio UPNk Espainiako Gobernuari

2009ko martxoaren 11
17:12
Entzun
Nafarroa Garaian AHTren lanak hasteko agindua eman dezala eskatu dio gaur UPNk Espainiako Gobernuari. Alabaina Ekonomia ministro Pedro Solbesek esan du finantza eta teknika arloko "zailtasunak" daudela obrei ekiteko.

AHTren lanei ekiteko beharrezkoa den konbenioa noiz sinatzea aurreikusten duen galdetu dio PSOEri UPNk Espainiako Kongresuan talde mistoan duen diputatu Carlos Salvadorrek. Konbenioa Nafarroako Gobernuarekin izenpetzekoa da Madril.

"Ez dizut galdetzen zergatik ez duzuen agindutakoa betetzen edo zergatik egin zenuten ituna Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin ezin duzuen horixe bera egin. Edo zergatik blokeatzen dituzuen beste azpiegitura batzuk", esan dio Salvadorrek Solbesi. Besteak beste, Nafarroatik kanpora eraikitzen ari diren autobideen loturez ari zen, hala nola Iruñea Huescarekin (Aragoi, Espainia) lotuko duenaz.

"Arazoak teknikoki konponduta baldin badaude, Nafarroako Gobernuaren prestutasuna erabatekoa baldin bada, esazu ganbera honetan zein egunetan duzuen aurreikusita [AHTren] lanak hasteko baimena emango duen akordioa sinatzea. Ez badakizu, edo ezin badiguzu eguna esan, arrazoiak zeintzuk diren gaur eta hemen esatea galdegiten dizut".

Horren aurrean Ekonomia ministroak argudiatu du Nafarroa Garaiko eredu ekonomikoa ez dela Euskal Autonomia Erkidegoaren "berdintsua", eta zehaztu duenez, Nafarroako Gobernuarekiko konbenioko 5. Xedapen Erantsian aurreikusi egiten da inbertsioak Espainiako Estatuaren eta Nafarroako Gobernuaren artean elkarrekin finantzatzea, "baina zailtasunak" daudela zehaztu du. "Horiek konpondu arte zaila izango da aurrera egitea".

Solbesi jarraiki, PSOEren gobernuaren asmoa AHTren Nafarroa Garaiko zatiari "ekitea" da, eta azaldu duenez, "konbenioa gauzatu ahal izateko ezinbestekoak diren azterketa teknikoak prestatzen" ari da Espainiako Sustapen Ministerioa. "Finantzazioaren arazoari gero helduko diogu".

UPNko diputatuarentzat Solbesen erantzuna ez da aski, eta egoera horrek "Nafarroaren garapen ekonomikoan blokeoa" eragiten du.

"Ez argudiatu aspaldi konponduta dauden arrazoi teknikoak. Axolagabekeria hori baztertu, eta behingoz konbenioa baimen ezazu", erantzun dio Espainiako ministroari.

Zentzu horretan, Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia sailburu Alvaro Mirandak "onartezin" eta "iraingarri" iritzi dio Solbesen planteamenduari. "Nafar guzioi eginiko adar jotzea da, 2007an hitzartu eta sinatu egin baitzen AHTren finantzazio sistema".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.