Ia urtebete, hamar hilabete zehazki, zeramatzaten Hamas eta Al Fata mugimendu palestinarretako ordezkariak bilera ofizialik egin gabe. Gaur Egiptoko hiriburuan bildu dira talde palestinar nagusi hauen (Hamasek 74 diputatu; Al Fatak 45) ordezkariak, elkarren arteko adiskidetzea lortzen saiatzeko.
Erresistentzia palestinarreko dozena bat pasatxo taldeetako beste hainbat ordezkari ere izan dira Kairon, batasun nazionala berreskuratu nahian. FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontea (hiru diputatu), FDLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoa (diputatu bat), PPP Palestinako Herri Alderdia (komunista ohia), Jihad Islamikoa (ez zuen 2006ko bozetan parte hartu), PPSF Palestinako Herri Borrokaren Frontea, PLF Palestina Askatzeko Frontea, ALF Askapenerako Fronte Arabiarra, As Saika eta FPLP-GC Palestina Askatzeko Herri Frontea-Komando Nagusia dira talde horietako batzuk.
Al Fatako eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeko ordezkari Azam al Ahmedek baieztatu du bere alderdia eta Hamas Kairon bildu direla. PAEn Al Fata da nagusi, eta Hamasek ez du egundaino parte hartzen PAEn, nahiz eta bertan parte hartzeko eta erakunde transpalestinarra erreformatzeko eskatu duen.
Al Ahmed Hamaseko ordezkari Jamal Abu Hashemekin elkarrizketatu da, eta bilerekin segitzea erabaki dute biek. Bi aldeetako ordezkariak iazko martxoan bildu ziren azken aldiz, Yemenen.
Al Ahmeden idurikotz, "nazio adiskidetzea gakoa" da auzi guzietaz hitz egiteko, hala nola Gazako sarbideen irekieraz eta Israelgo armadak abendu bukaeratik, bereziki, suntsitu dituen azpiegiturak berreraikitzeaz.
Hamaseko ordezkariek egin duten bezala, Al Fatako ordezkariak ere Egiptoko zerbitzu sekretuetako buruarekin, Omar Suleimanekin elkarrizketatu dira gaur. Honek, Hamasen eta Israelgo Gobernuaren arteko bitartekari lanak egiteaz gain, talde palestinar nagusien arteko zubi lana egiten dihardu.
Al Ahmedek azaldu duenez, batasun nazionaleko gobernua berriz lortzen dutenean, berau arduratuko da Gazako sarbideetako segurtasunaz, tartean Egiptorekin lotzen duen Rafako sarbidearenaz. Batasun nazionala iaz geratu zen deseginda, Ameriketako Estatu Batuen, Israelen eta Bruselaren presioagatik, batetik, eta Al Fataren eta Hamasen arteko borrokengatik, bestetik.
Al Fatako eta Hamaseko ordezkariak Kairon bildu dira, adiskidetzea lortzen saiatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu