Aldaketa promesa berretsi du Obamak, demokraten hautagai ofizial bilakatuta

Denverko konbentzioa bukatzeko ekitaldian, Martin Luther Kingen hitzaldi historikoaren 45. urtemugan, azaroko bozetan "errepublikanoen porrot egindako politikei agur esateko tenorea" izango dela esan du.

2008ko abuztuaren 29a
17:07
Entzun
Barack Obama Alderdi Demokrataren hautagai ofiziala da bart bere izendapena onartu ondoren, Denverreen (Colorado, AEB) hiru eguneko konbentzioa bukatzeko ekitaldian. 75.000 jarraitzaileren aitzinean adierazi duenez, George Bushen gobernu errepublikanoak azken zortzi urteetan egindako politikaren ondorioz, estatubatuarrak "krisi ekonomikoak itota" bizi dira eta ezin dute aurrerapen ametsik gauzatu.

Martin Luther Kingen hitzaldi historikoaren -Amets bat dut esan zueneakoa- 45. urtemugan Illinoisko senadore afroamerikarrak esan du, errepublikanoak agintean daramatzaten urteei erreferentzia eginez, "zortzirekin aski" dela, eta heldu den azaroaren 4ko presidentetzarako hauteskundeetan jende zutik jarri beharko dela. "Errepublikanoen porrot egindako politikei agur esateko tenorea izango da".

Etxe Zurirako lehiakide izango duen John McCain hautagai errepublikanoa gogor kritikatu du Obamak. "John McCainek George Bushekin batera bozkatu du [erabakien] %90ean. McCain senatariari 'irizpidea izateaz' hitz egitea gustatzen zaio, baina, benetan, zer-nolako irizpidea izan dezakezu pentsatzen baduzu Bush zuzen ibili zela erabakien %90etan?".

Invesco Field estadioan eginiko ekitaldian musikari eta politikarien agerraldi eta emanaldiak tartekatu dituzte bart. Musikarien artean Stevie Wonder, Jennifer Hudson, Will.i.am eta John Legend, eta Sheryl Crow aritu ziren. Ikuskizun erraldoia izan zen, seguruenik dirutza eta eginahal handia kostatu zituena.

Politikariei dagokienez, presidenteorde izateko hautagai Joseph Biden, Al Gore presidenteorde ohia, New Mexikoko gobernadore Bill Richardson eta Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosi, besteak beste, izan ziren oholtza gainean. Denak bat etorri ziren Obamarekin: "McCain orain artekoaren berdina da".

Baina jarraitzaileek, kazetariek eta behatzaileek gehien espero zuten unea 20:00etan iritsi da (gaur goizaldeko 3:00ak Euskal Herrian), Obama taula gainera igo denean. 80.000 lagun inguruk txaloka eta Obama! Obama! eta Yes we can (Bai, ahal dugu) oihuekin hartu dute.

Hautagai demokrata izendatu berriak, duela gutxi arte ia ezezaguna zenak, bere bizitzak eta esperientziak amets amerikarra delakoa islatzen duela argudiatu du, "sakrifizioari eta lanari esker" aurrera egiteko gai izan zelako.

Ildo beretik, estatubatuar asko langabezian daudela edo gutxiago kobratzen dutela, etxebizitzarik gabe geratu direla eta ezin dutela autoaren erregai depositoa bete edo seme-alaben hezkuntza ordaindu ekarri du gogora Obamak. "Arazo hauek guztiak ez dira Gobernuaren politikaren ondorio zuzenak, baina Bushen gobernua eta Washingtonen egiten den politika ustela ez dira gai izan horiei aurre egiteko".

Ordubeteko hitzaldian bere programari gainbegiratua eman dio senatariak eta jarraitzaileak behin baino gehiagotan jarri ditu zutik. Besteak beste, irabaziz gero, biztanleen %95en zergak jaitsiko dituela agindu du, eta ez bakarrik enpresa handienak.

Halaber, energia alternatiboak sustatzeko konpromisoa hartu du, datozen hamar urteetan 150.000 milioi dolar inbertituta. Izan ere, epe horretan Ekialde Hurbileko petrolioarekiko AEBek duten menpekotasuna bukatu nahi duela esan du Obamak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.