Eusko Jaurlaritza
"Eraso hauen aurkako jarrera erakuts dezala eskatzen diogu euskal gizarteari"
Lizarrako eta Andoaingo erasoak gaitzetsi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, era berean, elkartasuna eta babesa adierazi die haien ondorioak jasan dituzten guztiei. Era berean, "ideia guztiak babesten" segituko duela nabarmendu du Jaurlaritzak,"horixe baita sistema demokratikoaren oinarria eta euskaldunok ez diogu horri uko egingo". Ildo horretatik, eraso horien aurkako jarrera erakuts dezala eskatu dio EAEko Gobernuak euskal gizarteari. ETAri, berriz, indarkeria alboratzeko exijitu dio: "Babes ditzala babestu nahi dituen ideiak, baina pertsonen oinarrizko eskubideak urratu gabe".
Miguel Sanz, Nafarroako Gobernuko presidentea
"Erasoen pizgarri da Ibarretxe plana"
Erasoen aurka eguerdien Lizarran egin den kontzentrazioan parte hartu du Miguel Sanz Nafarroako presidenteak eta gogor gaitzetsi ditu azken orduotako atentatuak. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren eta, zehazki, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren aurka egin ditu adierazpen gogorrenak Sanzek: Ibarretxe plana lekuz kanpo dagoela nabarmendu du, eta gaur goizaldekoen tankerako erasoen pizgarri dela.
PSN
"Bakearen eta demokraziaren aldeko borrokan segitu behar dute zinegotzi guztiek"
Lizarrako eta Andoaingo erasoak direla eta, atsekabea eta gaitzespena agertu dute Nafarroako Sozialistek. Carlos Chivite PSNko Antolakuntza idazkariak indarkeriaren aurkako borrokan "politikariei laguntzeko" eskatu die herritarrei: "Batetik, politikariei laguntzeko eskatzen dut, eta, bestetik, arrazoiaren bidez inoiz lortuko ez dutena indarraren bidez lortu nahi dutenei mespretxua adierazteko".Zinegotzi guztiei, bereziki Lizarrakoei, "bakearen eta demokraziaren aldeko borrokan" segitu behar dutela esan die Chivitek, eta horretarako animoak eman dizkie.
Estanis Amutxastegi, Andoaingo PSE-EEko zinegotzia
"Subiranotasunaz pixka bat ahantz dadila eskatzen diot Ibarretxeri
"Subiranotasunazpixka bat ahantz dadila, eta babesik gabe erasoak jasaten dituzten euskal herritarren askatasuna lortzen zentratu dadila eta gehiago saiatu dadila eskatzen diot Ibarretxe lehendakariari", adierzi du Estanis Amutxastegi Andoaingo PSE-EEko buruzagi eta zinegotziak. Andoainen sozialistak babesgabe sentitzen direla esan du Amutxastegik, eraso askoren jomuga izan diren arren —"Joseba Pagazaurtunduaren hilketa, besteak beste",azpimarratu du— inor ez baitute atxilotu eraso horiengatik.
Erreakzioak
Alderdi eta erakunde askok Lizarrako eta Andoaingo leherketak salatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu