EAJ
"Mafiosoen estiloa baliatzen du ETAk"
Leioako atentatua gogor gaitzetsi du EAJk. Hain zuzen ere, Iñigo Urkullu Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria izan da alderdi horren izenean Leioako eztandaren balorazioa egin duena, eta ETAren jarduna mafiosoen parekoa dela nabarmendu du. "Suntsitze eta txantaje metodoekin leial izaten segitzen du ETAk, mafiosoen estiloa baliatzen du", adierazi du. Leioako atentatua jasan dutenei babesa agertu die Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak, eta, era berean, baita Euskal Herriko enpresaburu eta langile guztiei ere: "izan ere, azken hilabeteetan, haiek dira beste kolektibo batzuk baino areago ETAren jomuga".
PP
"Ekintza hauek ez zaizkio ETAri doan aterako"
PPk ere gogor gaitzetsi du Leioako erasoa, eta ekintza horiek ez zaizkiola "doan" aterako ohartarazio dio ETAri. "ETAko kideen etorkizun bakarra espetxea da, eta Justiziaren aurrean beren delitu eta krimenengatik erantzutea", adierazi du Carlos Iturgaitz PPren EAEko presidenteak. Ildo beretik, demokraziaren arlo guztietatik "irmotasuna" behar dela azpimarratu du Iturgaitzek: "hain zuzen ere, neurri polizial, legegile eta judizialen bidez ETAren behin betiko porrota erdiesteko".
EA
"Behin betiko armak utzi eta herritarren borondatea betetzeko eskatzen diogu ETAri"
"Irmoki" gaitzetsi du EAk Leioako atentua, eta ETAri dei berezia egin dio borroka armatua utz dezan. "Behin betiko arma utzi eta hartara herritarren borondatea bete dezala eskatzen diogu ETAri", dio erasoaren kariaz EAk kaleratu duen agiriak. ETAren jomuga izan den auto saltokiko ugazaba eta langileei "babesa eta elkartasuna" adierazi die EAk, eta, ETAri, berriz, "gizarte demokratiko batean mehatxua eta indarkeria onartezinak" direla ohartarazi dio.
PSE-EE
"Argi dago ETA enpresaburuen aurkako kanpaina egiten ari dela"
PSE-EEko exekutibako buru Rodolfo Aresen arabera, bart gaueko Leioako atentatuak eta azkenaldian enpresen aurka izan diren beste hainbat erasok argi utzi dute ETA enpresaburuen aurkako kanpaina egiten ari dela. "Kanpaina horren bidez estortsiora makurrarazi nahi ditu", zehaztu du. Atentua "gogortasun osoz" gaitzetsi du Aresek, eta alderdi guztien, gobernuen, sindikatuen, enpresaburuen, eta, oro har, gizarte osoaren betebeharra ETAri aurre egitea dela azpimarratu du.
EB-IU
"Atentatuak gaitzesteko eskatzen diegu AuBri eta Batasunari"
Leioako erasoaren haritik, ETAri "behin betiko desagertzeko" eskatu dio EB-IUk. Dena den, ez dira horretan amaitu alderdi horren galdegiteak; aitzitik, AuB plataformari eta Batasunari ETAren atentatuak gaitzesteko eskatu die, "bestela dagoeneko eskas duten sinesgarritasun osoa galduko dute".
Erreakzioak
Alderdi gehienek gaitzetsi dute Leioako atentatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu