Alderdi politikoen erreakzioak

2013ko abuztuaren 13a
14:43
Entzun

Cristina Ruiz: "EAJk Ezker Abertzalearen probokazioa onartu eta babesten du"

Bilboko Udaleko PPren bozeramaile Cristina Ruizen ustez, "EAJk Ezker Abertzalearen probokazioa onartu eta babesten du". Ruizen ustez, festak "politizatu" egiten ditu Ezker Abertzaleak: "Beste urtebetez, eta tamalez asko dira jada, Aste Nagusiaren aurreko egunetan Ezker Abertzalearen probokazioak izan dira; urtero saiatzen da festak instrumentalizatu eta politizatzen".

"Preso terroristen bozeramaile" da Artola Ruizen ustez, eta hori pregoilari izendatzea festak "politizatzea" da. Are okerrago deritzo Artola Txori Barrote konpartsaren kide izatea, eta ilegalizatu zituzten hautes-zerrendetan joatea.

Aitziber Ibaibarriaga: "Ezin onartuzko esku hartzea da"

Bilboko Udaleko EH Bilduren bozeramaile Aitziber Ibaibarriagaren ustez, "PP erabateko barregarri gelditzen ari da bilbotarren aurrean". Ibaibarriagak adierazi duenez, "ezin onartuzko esku hartzea da" Carlos Urkijok Jone Artola pregoilariarekin egin duena.

EH Bilduren bozeramailearen iritziz, pregoilarien gaia PPren "ke kortina" izan daiteke, "bere arazoak estaltzeko sortua", eta alderdi horri Bilboko Konpartsekiko errespetua eskatu dio.

Koldo Mediavilla: "Suhiltzaile beharrean, piromano"

Laudioko eta Bilboko pregoilarien kasuari erreferentzia eginez, Koldo Mediavilla EAJko Instituzioen Arteko Harremanetarako idazkariak esan du Urkijo "piromano" baten antzera dabilela: "Etengabeko asalduran eta sistemaren kontra bizi izan direnak ez dira konturatzen garaiak aldatu egin direla guztiontzat, eta batez ere, beraientzat". Mediavillak "eragindako sutearen baldintza objektiboak gutxitu" direnean, "suhiltzaile" izan beharrean, "piromano" gisa aritzea leporatu dio Urkijori.

Mediavillaren ustez "ezin da etengabe biktimen duintasunaren argudioa baliatu", euren izenean gizartearen bizikidetza baketsuan "galgarriki interferitzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.