Alfontso Martinez Lizarduikoa atxilotu du Poliziak Donostian

Kalez jantzitako lau polizik Donostiako Egia auzoan, bere etxe atarian atxilotu, eskuburdinak jarri, eta senideei atxiloketari buruzko inongo argibiderik eman gabe autoan sartu eta polizia etxera eraman zuten

2004ko apirilaren 1a
13:42
Entzun
Alfontso Martinez Lizarduikoa atxilotu zuen Espainiako Poliziak atzo, Donostian, iraultza zerga delakoa kobratzeko bitartekari lanak egitea egotzita. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak agindu zuen atxiloketa.

Lizarduikoa oso ezaguna da euskal kulturgintzan eta curriculum zabala du bere bizkar. Besteak beste, Gaiak argitaletxeko arduraduna, EHUko irakaslea, injeniaritzan doktorea, filosofian ikasketak egindakoa eta EHUko Filosofia fakultateko irakaslea da. Horretaz gain, Berrian eta Argia aldizkarian kolaboratzailea da. Lizarduikoak hainbat ikerketa lan eta liburu argitaratu ditu gainera.Atxiloketa arratsaldeko 14:30 aldera izan zen Egia auzoan, bere etxe atarian. Lekukoek adierazi zutenez, kalez jantzitako lau polizi gerturatu ziren Lizarduikoarengana, eskuburdinak jarri, auto batean sartu eta eraman egin zuten.Hori gertatzen ari zela, Alizia Stürtze Lizarduikoaren emazteak etxeko leihotik atxilotzen ari zirela ikusita, semeari ohartarazi eta kalera jaitsi ziren atxiloketa zer zela eta gertatzen ari zen galdetzera. Baina argibiderik eman gabe, autoa azeleratu eta alde egin zuten.Iturri juridikoek Efe berri agentziari jakinarazi ziotenez, iraultza zerga delakoa kobratzeko bitartekari lanak egitea egozten diote. SER irrati katearen arabera, Nafarroako Azkoyen enpresan iraultza zerga kobratzeko bitartekari lanak egin zituen. Bestalde, atzo arratsaldean Donostiako San Bartolome kaleko 36. zenbakian dagoen etxebizitza bat miatu zuten poliziek, Gaiak argitaletxearen egoitza dago bertan, eta bertako arduradunetako bat da Lizarduikoa.

«Bahiketa izan da»

Alizia Stürtze Lizarduikoaren emazteak atxilotzeko era salatu zuen. Bere esanetan, senideei ez zieten jakinarazi zergatik atxilotu zuten. Euskadi Irratian egindako adierazpenetan salatu zuenez «bahiketa bat izan da, argibiderik eman gabe, eskuburdinak jarri, autoan sartu eta eraman egin dutelako».

Batasunak, LABek eta Askatasunak atxiloketa salatu eta hura aske uzteko eskatu dute.Batasunak senideei elkartasuna agertzen die prentsa ohar batean. Adierazi zutenez, Aznarren eta PPren «azken ostikadak» dira hauek. Bestalde, PSOEri ildo horretan jarraitu behar duen galdetzen dio. Errepresioaren bidea hautatzen badu ez dela gatazkaren konponbiderik izango dio Batasunak.EHUko LABek, berriz, atxiloketa salatu eta kezka agertu du Lizarduikoarengatik. Bestalde, Unibertsitateko sektoreei eta arduradun politikoei behar diren urratsak egiteko eskatu zien Lizarduikoa aske utz dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.