Amaia Rekarte: "Frantziak euroaginduari segidarik ez ematea erabaki zezakeen"

Amaia Rekartek, Yves Matxikote eta Haritza Galarragak bezala, euroagindua dauka bere aurka, Segiko kide izateagatik

2004ko maiatzaren 18a
10:35
Entzun
Eneko Bidegain - BAIONA

Lanpeturik dabil Amaia Rekarte. Bilerak, prentsaurrekoaÉ Gaur aztertuko du Paueko instrukzio ganberak Segiko hiru lapurtarren aurka dagoen euroagindua. Espainian presondegiratua izateko arriskua du. Baionako taberna bateko terrazan erantzun dio elkarrizketari. Ondotik pasatu zitzaizkion lagunak gelditzen zitzaizkion, atxikimenduaren agertzeko.

Nolakoak izan dira azken egun hauek?

Urduritasun puntu batera iritsi gara. Ikusiz bazuela bi urte gure aurkako nazioarteko atxilotze agindua zegoela, bagenekien gertatuko zela. Baina azkenean lasaitasunak gaina hartu du, hori barneratu dugulako eta egoera horren ingurukoa politikoki antolatzen ari garelako.

Pauen auziaren gibelatzen ahaleginduko zarete.

Bihar [gaur] jakinen da noiz izanen den auzi definitiboa. Probabilitate handiak dira lehen auzia maiatzaren 25a arte gibela dezaten. Auzia berantenik orduan gertatuko litzateke. Orduan erabakiko dute atxilotze agindua martxan ezartzen duten ala ez. Ez dakigu egunean berean emango duten erabakia ala berantago. Erabakia jakin orduko kasazio gortera jo dezakegu. Instrukzio ganberak hogei eguneko epean eman behar du erabakia. Errekurtso guztiak agortzen direnean, gehienez 90 eguneko epea beteko da. Ikusiko dugu Frantziako Gobernuak auzia azkartu ala moteldu nahi duen.

Zure ustez, Frantziak zergatik erabaki du orain atxilotze agindua betetzea, jakinez bi urte hauetan agindu bat bazegoela zuen aurka?

Erabakia Europaren eraikuntzaren barnean sartzen da. Duela bi urte gure kontrako nazioarteko atxilotze agindua bazegoen. Ez da sekula indarrean ezarri. Frantses eta espainiarren arteko erabaki politikoa da, bitarteko juridikoek lagundu dutena. Frantzian, 2004ko martxoa arte, euroagindua ez zegoen araudietan. Ordu arte, ezin zituen frantziar herritartasuna zutenak kanporatu edo estraditatu. Hala ere, orain ere, Frantziako Estatuak euroaginduari segidarik ez ematea erabaki zezakeen. Argi da lerrokatze bat badela, Frantziaren partetik. Erabaki politikoa da. Gure ekinbide politikoengatik kanporatzea onartzen du. Ez dugu paradarik izanen gure ibilbide politikoa azaltzeko eta gure egoera defenditzeko.

Frantziak ez du kontuan hartzen Segi ez dela ilegala Bidasoaren iparraldean?

Frantziari ez zaio galdetzen epaitzea. Frantziak konfiantza diplomatikoz jokatuko du. Ez zaio eskatuko gure kontrako auzia onartzeko. Oso postura erosoa du.

Garzonek zer du zuen aurka, Ipar Euskal Herriko ekinbidea ez bada debekatua?

Akusazio konkreturik ez dago. Hiru gazteok bozeramaile izan gara. Beraz, kidetza, kolaborazioa eta indukzioa leporatzen dizkigu.

Zer da indukzioa?

Garzonen teoriaren arabera, kale borroka ekintza guziak guk eragiten genituen.

Zein auzitan sartu zaituztete: Haikaren auzian ala Segiren auzian?

Joan den astean jakin dugu Haika eta Segi ber auzian sartu dituztela. 18/98 sumarioan mikrosumarioak egin dituzte. Jarrai, Haika eta Segi elkartu dituzte. Normalki, auziak udazkenean hasi behar luke. 2005eko martxoan lau urte beteko dira lehenbiziko sarekada gertatu zenetik. Presoek, ez badira lau urteren buruan epaituak, aske gelditu behar dute. Beraz, auzia lehenago egin nahi dute. Horrek esplikatzen du euroagindua hain hurbil gertatu izana.

Beraz, ez duzue bertze auzipetuek bezainbat denbora iraganen auziaren beha.

Ekainean preso sartzen bagaituzte, zortzi hilabete pasatuko dira auzia gertatu arte. Auzian 12 urteko kondenaren arriskua daukagu.

Paradoxa bat bada zuen egoeran. Nazio antolakundeari garrantzia eman zaio. Errepresioa ere nazionala bihurtzea onartu beharra dago, nazio ikuspuntutik begiratuta. Zuek bezala Haika eta Segiko kide direnak preso badira, zuen egoera ez da salagarriagoa. Nazio ikuspegiaren itzal hori onartu beharra ez dea paradoxala?

Nazio eraikuntzaren ildoa argiki balora daiteke. Fruituak ematen ditu, bertzela ez genituzkeelako holako ondorio errepresiboak jasanen. Frantsez gobernuaren jarrerak erakusten du trabatzen ditugula. Erakutsi dugu nazio eraikuntza praktikan ezartzen dugula, ez dela gauza abstraktu bat. Mezu politiko hori denek barneratu dugu. Eta estatuek guk baino hobeki barneratu dute. Onartzen dute arazoa Euskal Herri guzian dagoela, ez bakarrik lau herrialdetan.

Nola ari zarete prestatzen presondegiaren mentura?

Batetik, gure kontu pertsonalak konpontzen ari gara. Ezker Abertzaleko egituretan parte hartzen dugu eta horretan ere gauzak aurreikusi behar dira. Politikoki, interlokuzio lan zabal bat abiatuko dugu Euskal Herrian eta nazioartean. Herrietako elkarteetara, hautetsiengana, sindikatuetara, gaztetxeetara eta abarretara joanen gara. Maiatzaren 29an manifestazio nazionala antolatuko dugu Baionan.

Nolako sostengua galdetuko diezue?

Postura hartzea galdeginen diegu. Maiatzaren 22an prentsaurreko zabal bat eginen dugu, atxikimendua agertu digutenekin. Inor ezin da isilik egon. Isilik egotea erabakiaren onartzea da. Erakundeen barnean eztabaidak iragan daitezen nahi dugu. Ez bakarrik gure egoerari buruz. Gure kasua lehena da, baina argi da beste batzuk izanen direla. Lan berezi bat egin nahi dugu Europako hauteskundeei begira. Hori da eraikitzen ari diren Europa. Europako herritar guztiak hunkiak dira. Mugimendu altermundialistan gerta litezke horrelakoak. Pentsa, Bartzelonan mobilizazioak daudela eta istiluak gertatzen direla. Orain gurekin egin duen bezala, espainiar epaile batek Parisko sindikalista baten atxilotzeko euroagindua eman lezake.

PPren politika Europara zabaldu dela erran daiteke?

Ikusten da PPk zer indar izan duen Europan legeak aldarazteko. PPko gobernuak Espainian sekulako desmasiak egin ditu eta Europa baldintzatu du.

PSOE gobernura pasatzean ez duela ezer aldatu ageri da.

Alderdi bat pasatzeak ez du erran nahi berak duela boterea. PPk boz anitz baditu, indar mediatikoa eta juridikoa bere esku ditu. Botere banaketa ez da gertatu. Aski da ikustea PPk zer iskanbila lortu duen Herritarren Zerrendaren kontuarekin. Batzuek irakurketa arinak egin zituzten PSOE boterera pasatu zenean. PP eta PSOE berdin dira, jakinez PPk duen indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.