Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Espainiako Gobernuaren "estrategia errepresibo eroan" kokatu ditu atxiloketak

2009ko urtarrilaren 23a
10:42
Entzun
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak agiri baten bidez salatu duenez, gaur goizaldean Espainiako Poliziak Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan egin dituen atxiloketak "Espainiako Gobernuak aurrera daraman estrategia errepresibo ero baten azken kapitulua" dira.

"Independetista izatea atxiloketekin eta espetxearekin ordaintzen da Euskal Herrian, lan politikoa errepresio basatiarekin zigortzen da Euskal Herrian", dio AAMren oharrak.

"Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeetarako hilabete falta denean ordezkari politikoen aurkako atxiloketak masiboki egiteak adierazten digute Espainiako Gobernuak ezarritako salbuespen egoera norainokoa den. Demokraziaren oinarrizko printzipioei burla egiten die behin eta berriz Espainiako Gobernuak".

AAMk dioenez, Euskal Herrian ez dago "sufragio unibertsalik": "Euskal herrian ez dago hauteskunde librerik. Euskal Herrian ezin du edonork hautgai izan. Euskal herrian milaka laguni ukatzen zaie bozkatzeko eskubidea. Honetaz guztiaz gain, gaur esan dezakegu Euskal Herrian hauteskundeetara aurkeztu nahi izateak polizia operazio eta espetxea dakarrela ordainetan. Zein demokrazia eredu da hau?".

"Independentismoaren aurkako gurutzadan" kokatu dute gaurko polizia operazioa AAMekoek, eta hauen esanetan, Espainiako Gobernua, epaileak eta polizia indarrak "urrun joateko prest" daudela erakutsi dute beste behin. "Denak balio du independentismoaren aurka: ordezkari politikoen atxiloketa masiboek balio dute, espetxeak betetzeak balio du, torturak balio du, ilegalizazioak balio du. Ongi erakutsi dute beste behin urrun joateko prest daudela bide errepresibo itsu honekin".

Amnistiaren Aldeko Mugimendutik dei egin dute "eraso berri horren aurrean erantzutera". Besteak beste, gaur arratsaldean hainbat herritan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.