Asia erdialdea bor-borka. Loreak modan daude Sobiet Batasun ohiko errepubliketan. Georgiako presidente zen Eduard Shevarnadze Arrosen iraultza-k kendu zuen agintetik (2003). Kirgizistanen, Tulipanen iraultza-k haizatu berri du Askar Akaiev presidentea. Tartean, iaz, Iraultza laranja izan zen Ukrainan. Errusiak duen eragin eremuak desegiten jarraitzen du, domino jokoa bailitzan.
Kirgizistango behin-behineko gobernuko ordezkaritza bat Moskun dago. Askar Akaiev presidentea dimisioa sinatzen ikustera joan dira. Agiriak nahasmen politikoa konponduko du. Izan ere, oposizioak boterea hartu zuenetik bi presidente daude, Akaiev eta behin-behineko presidentea. Duela hamar egun arte, Akaiev Kirgizistango lehendakaritzaren egoitzan zegoen. Hamalau urte zeramatzan agintean. Hura agintetik kendu eta boterea hartu dutenak bere lankide izan ziren duela urte gutxi arte. Akaiev bezala aparatxik ohiak dira, baina klanen arteko borroka irabazi dute. Otsailaren 27an eta martxoaren 13an egindako Legebiltzarrerako hauteskundeek irauli dute sistema politikoa. Emaitza ofizialen arabera, Akaieven aldeko indarrek 75 ordezkarietatik 69 lortu zituzten eta oposizioak sei bakarrik. Gobernuak iruzur egin zuela salatu zuten aurkariek eta matxinada abiatu zuten. Osh eta Jalal-Abad hirietako aginte organoen kontrola hartu zuten eta handik Bishkek hiribururantz joan ziren. Martxoaren 24ko goizean, presidentetzaren egoitza hartu zuten. Orduko, Akaiev ihes egina zegoen.
Tulipen iraultza-k arrakasta izan badu, herrialdeko egoera tamalgarriari zor dio. Pobreziak (%64), langabeziak, ustelkeriak eta bizi baldintza gogorrek Gobernuaren kontrako ekimena babestera bultzatu zituzten herritarrak. Herrialde txiki eta menditsua da Kirgizistan. Musulman laikoa. Gengis Khanen oinordekoek sortu zuten; Siberiatik jaitsitako nomadek. Kirgizak dira etnia nagusia, baina badira uzbekak, tadjikak eta beste hainbat etniatako herritarrak ere. 1990ean, kirgizen eta uzbeken arteko borroketan ehunka lagun hil ziren. Oraingo matxinadan, uzbekak beren mugimenduan sartu ditu oposizioak, borrokak saihesteko asmoz. Osh eta Jalal-Abad hegoaldeko bi hiri nagusiak dira. Inbertsio eza eta botere txikiaz kexu dira bertako kirgiz eta uzbekak. Matxinada abiatzeko leku aproposak ziren oposizioarentzat. Iparraldea aberatsagoa da eta Akaievek botere handia du. Errusiako presidente Mikhail Gorbatxoven eskutik iritsi zen Akaiev boterera, 1991n. Erreformazaletzat hartua zen garai hartan. 1998an, Asia erdialdeko lehen herrialdea izan zen Munduko Merkataritza Erakundean sartzen. Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak ezarritako berregituraketak, aldiz, Kirgizistango egoera sozio-ekonomikoa larriagotzea besterik ez zuen ekarri. Inguruko errepublika sobietar ohietan ere gauza bera gertatu da. Agintari liberaltzat jotzen zuen nazioartekoak hasieran. Azken urteetan, autoritarismoa eta ustelkeria leporatu dizkio. Akaieven gobernuetan izandako buruzagiak dira orain oposizioaren buruan daudenak, Ukrainan gertatu zen bezala. Felix Kulov jenerala Kirgizistango lehendakariordea zen; Kurmanbek Bakiev ©¯oraingo behin-behineko presidentea, lehen ministro ohia; eta, presidentetzarako bozetara aurkeztuko den Roza Otunbaieva, Atzerri ministro ohia. Oposizioa zatituta dago. Askoren ustez, KGBko kide ohi Felix Kulov da guztiak batera ditzakeena. 2001ean espetxeratu zuten, ustelkeria leporatuta. Baina matxinadari esker aske geratu da. Oposizioaz eta herritarrez gain, bada matxinadan esku hartu duen beste indar bat ere: Estatu Batuak. Asia erdialdeko bost errepublikak Kirgizistan, Tadjikistan, Uzbekistan, Turkmenistan eta Kazakhstan kokagune desiratuak dira Washington, Mosku eta Pekinentzat. AEBek base militar bat eraiki zuten Kirgizistanen, 2001eko udazkenean, Bishkek hiriburutik kilometro gutxira, Manas herrian. Ordutik, gobernuz kanpoko 7.000 erakunde sortu dituzte, oposizioa AEBetan formatu dute eta oposizioaren aldeko komunikabideak sortzen lagundu dute. Moskuk ere base militarra dauka 2003tik, Kant herrian, Manasetik 30 kilometrora. Txinak ere base militar bat eraiki nahi du, Xinjiangeko muga inguruan. Asia erdialdeko erregimenek autoritarismoari eta ustelkeriari esker irauten dute Bishkekeko gobernua da oposizioa zapaldu ez duen bakarra. Haiek ere AEBen babesa dute. Petrolio eta gasean aberatsak izanik, Mosku eta Washingtonen arteko botere borrokaren zelai dira. Etnia anitz dituzte eta hainbat barne borroka izan dituzte 1990eko hamarkadatik hona. Egun, Bushen terrorismoaren aurkako gurutzada babesten dute. Kremlinek Europako Batasuna eta Europako Kooperaziorako Erakundea kritikatu ditu, Kirgizistango oposizioak egindako iruzur salaketak babesteagatik. Akaiev presidenteari aterpea eman dio Moskun, baina ez du sutsuki defendatu, Ukrainako presidentegai Viktor Janukovitxekin egin zuen bezala. Dominoko beste pieza bat erori zaio. Horren aurrean, sail berria eratu du Gobernuak: Sobiet Batasun ohian matxinadak eragozteko departamentua. Pieza guztiak erortzea galarazi ahalko ote du?
Analisia / Ainara Mendiola. LORE JOKOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu