ANALISIA. Elkarrizketa ardatz (Pello Urzelai)

2009ko urtarrilaren 9a
09:11
Entzun
Auziaren mamia lehen unetik mahai gainean eta begi bistan egotearen aldeko apustua egin du Ibarretxe lehendakariaren defentsak. Elkarrizketaren aldarrikapenari, eta bakearen alde eta irtenbide negoziatuaren alde egindakoaren defentsari lehen unetik heldu nahi izan dio. Ausardiaz eta zuhurtziaz, epaiketaren lehen egunari mugarria jarri dio Ibarretxeren abokatuak, estrategia jokaldi baten bidez. Epaiketa bertan behera uztea eskatzeko arrazoi eta helduleku juridikorik egon arren, Ibarretxeren defentsak nahiago izan du aukera horri uko egin eta auzia bururaino eramateko eskatzea, mamiari buruzko epai bat egon dadin, hau da, epaitzen diren jokabideetan deliturik ez dagoela argi uzten duen epai bat egon dadin.

Auzia iritsi den tokiraino iritsita (zortzi auzipetuak akusatuen aulkian eserita, kameren aurrean), Ibarretxek nahiago izan du auzia bururaino eramateko eskatzea, besteak beste, sasi-ixte moduko bat saihesteagatik. Hau da, goragoko tribunal batek ez dezamaren aurretik jarriz.

Epaimahaiak erabaki behar du orain (astelehen goizerako) epaiketarekin jarraitu edo auzia bertan behera utzi. Bi aukerak daude zabalik. Dena den, herri akusazioen zilegitasunari buruz Auzitegi Gorenak bi erabaki kontrajarri (bata, Botin auzian ,eta, bestea, Atutxa auzian) ebatzi berri dituela ikusita, ustekabea liteke une honetan epaiketa baliogabetzea. Edozein kasutan, Ibarretxeren defentsak markatu du auziaren norabidea hasieratik, epaiketa bertan behera uzteko aukerari uko eginez eta elkarrizketaren aldeko aldarria lehen minututik bere eginez. Izan ere, auziaren edukiari buruzko askespenezko epai bat egotea modurik eraginkorrena dahalako prozesu absurdorik berriro ez gertatzeko.

Akusatuen aulkian hiru pentsamolde daude. Hiruetatik bi -Ibarretxe eta ezker abertzalea- bat datoz elkarrizketaren eta gatazkaren konponbidearen alde agertu beharrari garrantzia ematean. Epaiketa hau, elkarrizketa eta negoziazioaren bidea -egun nahiko krisian- indartzeko aukera gisa planteatu dute, hasieratik. Ibarretxek defentsaren argudio juridikoen eta Balzaren adierazpen bidez; ezker abertzaleak Otegiren adierazpenen eta Sinn Feineko Alex Maskeyren presentziaren bidez. Alderdi sozialista zuhurrago eta motelago hasi da, baina korronte nagusiari bizkarra eman gabe. Denek dakite batzuetan porrot egin arren elkarrizketa eta negoziazioa ezinbesteko tresnak direla gatazkak konpontzeko, eta prozesuak labirinto itxura dutela: sasi-irteera ugari ageri da, ona topatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.