ANALISIA. Etenaldia (Pello Urzelai)

2009ko urtarrilaren 13a
13:07
Entzun
Epaiketa bertan behera gelditu da, baina auzia ez da amaitu. Epaimahaiaren erabakia defentsen aldekoa izan da, baina juridikoki ez da oso sendoa. Batetik ez da aho batekoa izan: Manuel Diaz Rabago epaimahaiburuak boto partikularra egingo du beste bi magistratuen iritziaren kontra. Bestetik, erabakiaren arrazoia -herri akusazioen zilegitasunik eza- gai polemikoa da Auzitegi Gorenean. Botin auzian eta Atutxa auzian aztertu du Auzitegi Gorenak herri akusazioen zilegitasuna eta ondorioak kontrajarriak izan dira. Orain, herri akusazioek iragarri duten helegitea dela eta, Auzitegi Gorenak hirugarrenez aztertu beharko du gaia, eta ezin da jakin zer egingo duen. Auzitegi Nagusiko epaimahaiaren irizpidea ontzat jo dezake, eta auzia betiko itxiko litzateke, edo irizpidea zuzendu eta epaiketa berriz egiteko agin dezake (Atutxa auzian gertatu zen bezala). Dena den, auzi honetan argi gelditu da alderdi sozialistak interes berezia zuela dena "ezerezean" gelditzeko, eta epaiketarik egin gabe agenda politikotik kanpo lehenbailehen desagertzeko. Ikusteko dago orain interes politiko horren indarra Auzitegi Gorenera iritsiko ote den.

Atzoko erabakiarekin bi galtzaile suertatu dira. Batetik, Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia elkartea euren zilegitasuna zalantzan jarri delako, hemendik aurrera (Auzitegi Gorenak kontrakoa esaten ez duen bitartean) zailago izango dutelako elkarrizketa prozesu baten protagonisten kontra kereila jartzea. Bestetik, Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko lehendakaria, auzi hau epaiketaraino iristearekin tematu dena. Haren autoritatea ezbaian eta haren interes politikoa agerian gelditu dira.

Dignidad y Justicia eta Ermuko Foroaren helburuetako bat elkarrizketa eta negoziazio prozesuak oztopatzea zen, "hurrengo prozesurik" ez egotea. Asmo horretan ez zeuden bakarrik. Baina epaiketa helburu horren kontra bihurtzeko zantzu guztiak zeuden. Soilik biltzeagatik, zortzi lagun -lehendakari bat, hainbat burukide politiko...- epaitzea hain absurdoa zen, ezen auzi saioa aukera ezin hobea baitzen elkarrizketa eta negoziazioa indartzeko. Konponbidearen beharra eta bideragarritasuna plazaratzeko taula izan zitekeen.

Batasunaren legez kanporatzearen ondorioak indarrean daudenean eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkezteko asmoz hautesle elkargo bat plazaratu denean, gatazkaren gakoei buruz eta haien konponbideari buruz aritzeak saihestezina izan beharko luke. Elkarrizketaren tresna traba juridikotik libre izateak (oraingoz), politikariek indar gehiagoz erabil dezaten balio beharko luke. Etenaldiak indarrak biltzeko balio beharko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.