ANALISIA. Galdeketaren puxika

2008ko maiatzaren 29a
09:27
Entzun
Imanol Murua Uria

Galderak irakurtzeko 45 segundo aski direla esan du, eta egia da. Ibarretxek berak irakurri dituenean, 45 segundo baino gutxixeago behar izan ditu: 40 gazteleraz, 42 euskaraz.

Ez du egia esan, ordea, Eusko Legebiltzarreko talde eta parlamentari guztiek baiezkoa emango diotela «ziur» dagoela esan duenean, baiezko biribila jasoko duela uste duela esan duenean. Badaki ezetz. Badaki PPko eta PSE-EEko legebiltzarkide guztiek, inor bozketara berandu heltzen ez bada behintzat, ezezko biribila emango diotela.

Eta ez zen egia Ibarretxek galderetako batean ETAren berariazko gaitzespena eskatuz ezker abertzaleak sostengua ematea zaildu egin nahi zuenik. Ez galderaren formulazioaren bitartez behintzat. Ezer negoziatzeko aukerarik eman ez badie ere, galderen mamiaren ikuspegitik erraz utzi baitie EHAK-ko legebiltzarkideei, lege proposamenari baiezkoa eman nahi izanez gero.

ETAri gaitzespenik ez eskatzeaz gain, erakunde armatuari ez dio zuzenean eskaerarik egiten. Azken batean, 2005eko maiatzean Espainiako Kongresuan ETArekiko elkarrizketari jarritako baldintza berretsi besterik ez du egiten lehenengo galderak: elkarrizketa prozesua abiatu ahal izateko, alegia, ETAk aldez aurretik indarkeria behin betiko uzteko borondatea agertu beharko lukeela. Arnaldo Otegik berak, 2005eko maiatzeko mozioak baldintza hori bera jarri zuenean, urrats positiboa izan zela esan zuen, Anoetako proposamenarekin bat zetorrela.

Bigarren galderari ezezko biribila emateko arrazoiak ere PSE-EEk eta PPk baino ez dituzte, euskal erabaki subjektuaren aitortzaren aurka daudenez. Erabaki subjektuaren defentsaren ikuspegitik, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenean motzegi geratu dela lepora dakioke Ibarretxeri, euskal alderdiei akordioa lortzeko mandatua eman bai, baina Espainiako Estatuari ez baitio hemen erabakitakoa errespetatzea eskatzen. Hutsune nabarmena, inondik ere, Ibarretxeren beraren esanetan galdeketaren helburu nagusietakoa horixe baita: Estatuari hemen erabakitakoa errespetaraztea.

Baina akordioak erabakitzeko eskubidearen gauzatzeari buruz izan behar duela dioenez, eta negoziazioa euskal alderdien artean, «bazterketarik gabe», izan behar duela zehazten duenean ezker abertzale legez kanporatua ere barnean hartzen duela iradokitzen duenez, Hirukoaren eta Aralarren babesa ez ezik EHAKren babesa ere lortu ezinik ez du, beti ere galderaren formulazioaren ikuspegitik.

Baina galdeketaren afera ez da, jakina, bi itaunen mamian bukatzen. Galdeketa honekin Ibarretxek, EAJk, EAk eta EBk noraino heldu nahi duten -edo noraino heldu ahal izango duten- ez baitago batere argi. Edo hobeto esanda: nahikoa argi baitago, arrazoi bategatik edo besteagatik, datorren urriaren 25ean nekez egingo dela galdeketa.

Eusko Legebiltzarrak galdeketaren lege proposamena onartzen baldin badu, dagoeneko jakina da Espainiako Gobernuak geldiarazi egingo duela ekimena, Auzitegi Konstituzionalean helegitea sartze hutsarekin. Hipotesi horretan, eta EAJk horrelakoetan Espainiako legeriari zer nolako errespetua agertu ohi dion kontuan hartuta, pentsatzekoa da buruzagi jeltzaleek iragarri duten «konfrontazioa» hauteskunde lehiara mugatuko dela: kontsultara beharrean hauteskundeetara deitu, eta Ibarretxe berriro hautagai, galdeketa debekatuaren banderarekin, datozen lau urteetako zikloan dagoeneko ezaguna zaigun pelikula berriro hasiera samarretik hasteko.

Ezker abertzaleak hori ere neurtu beharko du, beraz: Ibarretxeri galdeketaren puxika puzten lagundu nahi ote dion, flotagailua bota nahi ote dion, susmaturik Estatuak jarriko dion aurreneko oztopoan atzera egingo duela, eta jokaldiari etekina inork ateratzekotan, Ibarretxek berak -eta EAJn Ibarretxeren ildoa babesten dutenek- aterako diotela.

Ezezkoaren ondorioak ere neurtu beharko ditu, baina, ezker abertzaleak. Batetik, erabaki eskubidea gauzatzeko helburua duen ibilbidean herri galdeketari ezezkoa ematen badio, urtetarako argudioa emango dio nazionalismo instituzionalari, burujabetzaren aldeko prozesua zeinek eta ezker abertzaleak zangotrabatu zuela esan ahal izateko aitzakia emango baitio. Eta bestetik, Ibarretxeri eta bere estrategiari hondoratzen utzita, joko arauak aldatu gabe alderdi sozialistarekin itun autonomikoa berritu nahi duen EAJko sektoreari Ibarretxerik gabeko estrategia behingoz abiatzeko bidea erraztuko dio, EAJren eta PSE-EEren arteko «iruzur» iragarria benetan gauzatzeko modua, alegia.

Pilota, 2004ko abenduaren 30ean Estatutu Berriaren Proposamenari buruzko bozketan bezala, ezker abertzaleko legebiltzarkideen gainean jarri du Ibarretxek, orduan bezala erantzun beste erremediorik izango ez duten esperantzan, gogo txarrez baldin bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.