ANALISIA. Norabidea zuzentzeko (Pello Urzelai)

2008ko ekainaren 27a
11:49
Entzun
Bezperan argitu da. Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak ez du eragotziko kontsultaren lege egitasmoa onartzea Eusko Legebiltzarrean. Ekimenaren alde egon gabe. Ekimenaren norabidearekin ados ez egon arren. Estatutu Proposamenarekin egin zuten antzera jokatu dute hirukoak zein ezker abertzaleak. Estatu Proposamena hiru herrialdeentzat zenez, ezker abertzalearen ustez, ez zuen balio gatazka gainditzeko. Baina hitzaurrean jasotzen ziren printzipioak -erabakitzeko eskubidea eta Euskal Herriaren aitorpena- ezetz esateko zailak izateaz gain, baliagarriak ere izan zitezkeen benetako konponbide prozesu baterako. Ikuspegi horrekin jokatu zuen ezker abertzaleak 2004ko abenduaren 30ean. Eta ikuspegi horrekin lan egin zuen hurrengo hilabeteetan Anoetako Proposamenean oinarritutako bake eta konponbide prozesua garatzeko. Estatutu Proposamenaren ibilbide legala -estatutu erreforma gisa- 2005eko otsailean, Espainiako Kongresuan, amaitu bazen ere, lege proiektuaren osagaiak erabili ahal izateko ezin zion orduan ezetz esan ezker abertzaleak. Antzera, orain. Egitasmoa murritza eta partziala izan daiteke, ezker abertzalearen ikuspegiaren arabera, Estatuaren indarkeria eta koakzioa kontuan hartzen ez dituelako, edo aukera guztien parte-hartzea bermatzen ez duelako, edo lurralde guztietako herritarren esku-hartzea ahalbidetzen ez duelako. Baina herri galdeketaren ekimenak erabakitzeko eskubidearen eta herriari hitza emateko printzipioak jasotzen dituenez, zaila du ezker abertzaleak horri ezetz esatea. Lege proiektuaren onarpena ahalbidetuz, printzipio horiek babesteko eta garatzeko aukera zabalik gelditzen da. Horrez gain, era horretan ezker abertzaleak Espainiako Estatua behartuko du ezezkoa ematera, ukazioaren aurpegia agerian utziz. Herriari hitza emateko aukera eragoztearen erantzukizuna Espainiako Gobernuarena dela argi geldituko da.

Oraingo erronka ezker abertzalearentzat aipatutako printzipio baliagarriak biltzen dituen kontsultaren ekimenaren norabidea gatazka gainditzeari begira jartzea da. Marko Demokratikoaren Proposamenean jasotzen den eskemara hurbiltzea lortu nahi luke ezker abertzaleak. Zeregin zaila da. Legez kanpo jarduteak eta hauteskunde autonomikoak hain hurbil egoteak asko baldintzatuko dutelako egoera politikoaren bilakaera.

Denbora arazorik, ordea, ez da izango. Iragarri duen bezala, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko du, eta herri galdeketa geldiaraziko. Ibarretxe lehendakariak eta hiruko alderdiek beren ekimena legezkoa dela argudiatzen dutenez, logikaz, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena jakin arte itxaron egingo dute. Hori datorrenean, eta espero den bezala, estatu arrazoia dela medio, debekua ezartzen badu, aukera izango da ikusteko nola jokatzen duten hiruko alderdiek egungo esparru konstituzionalaren muga hertsien aurrean.

Muga horiekin berriro topo egin ondoren, gainditzeko bidea non egon daitekeen bilatu beharko da beste behin ere. Urtegi bihurtu ordez, erreka itsasoraino iristeko bidea asmatzea da datorren garaiko gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.