ANALISIA. Pello Urzelai

2010eko otsailaren 16a
09:51
Entzun
Bide orri argia

Ezker abertzaleak berritu du bere bide orria. Berritu eta argitu. Hori zen Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko txostenaren eztabaidaren helburua. Eztabaidaren amaierako Zutik Euskal Herria izenburuko ebazpen nagusia, ondorioen laburpena ez ezik, aurrera begirako bide orria ere bada. Ezker abertzalearen ibilbidea gidatuko duena datozen urteotan. Izenburua bera ere ez da doakoa, zutik hitza ezker abertzalearen historian erabilia izan baita, batez ere estrategia egokitzeko garaietan.

Akordio demokratikoaren zein esparru demokratikoaren helburuak ez dira berriak ezker abertzalearentzat. Azken negoziazio prozesuaren beraren ardatz izan ziren. Oraingoan, baina, aipatutako helburuetara iristeko estrategia aldatu da. Ikusmolde berrituaren arabera, prozesua abiatzea ez da jartzen gainerako eragileek egin dezaketenaren menpe. «Ezker abertzalearen alde bakarreko erabakia da». Apustu politikoa da. Abiatzeko eta garatzeko behar besteko baldintzak daudelakoan. Blokeo egoera gehiago luzatzen utziz gero kalterako izan daitekeelako ustea dago apustu horren atzean.

Proiektu politiko guztiak gauza daitezkeela bermatuko duen akordioaren bila egin beharreko prozesu horretan aurrera egiteko modu bakarra «soilik lanabes politiko eta demokratikoak» erabiltzea dela argi utzi du ezker abertzaleak. «Sartu-irteerarik gabe». Beraz, tresnei buruzko ikusmoldean argitze prozesua izan da ezker abertzalean. Hemendik aurrera, jarduera molde guztiak fase politiko berriak eskatzen duen apustuaren zerbitzuan» kokatu beharra hobetsi du ezker abertzaleak, hau da, «indar metaketaren mesedetan». Aurrerantzean, masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa izango dira prozesu demokratikoaren «tresna bakarrak». Jarrera argia da: borroka armatua alde batera utzi beharra dago, besteak beste, indarrak biltzeko eraginkorra ez delakoan. Bere konpromisoaz zalantzarik egon ez dadin, Altsasuko adierazpenean bezala, Mitchell senatariaren printzipioak gogora ekarri ditu, horietako bat hitzez hitz erakarrita.

ETAk oraindik ez du adierazi noraino eta nola dagoen engaiatua estrategia berritu honetan, baina argi dago, azken agirian esaten zuenez, «ezker abertzalearen borrokaren ardatza aurrerantzean prozesu demokratikoa» bada, Zutik Euskal Herria ebazpenak jasotzen dituen terminoetan izan beharko duela. Tarteko bideetarako espaziorik ez dago.

Eztabaidaren ondorioak argituta, noiz hasten da prozesua? Berez, ez dauka abiapuntu jakinik. «Jada abiarazten ari da», ebazpenaren egileen arabera. Urratsez eta ekintzez sendotu beharko da. Baina sendotzen den bitartean, ahultasun fase batean izango da. Horregatik, aurreikus daiteke trantsizio hau ahalik eta laburrena izaten saiatuko direla prozesu demokratikoaren bultzatzaileak. Bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua berrestearekin batera, funtsezkoa izango da aurrera begira, indarrak biltzeko gaitasuna erakusten joatea. Hor egongo da apustuaren birtualitatearen gako nagusietako bat.

Akordio politikoaren bidea jorratuta eta landuta dago, baina alderdiak berriz jartzea mahai baten inguruan konponbide baten bila ez da eginkizun erraza izango. Tartean, salbuespen neurriak gainditzeko bideak aurkitzea ezinbestekoa izango da aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.