Kristina Berasain
Matriuska berezi batzuk jarri dituzte egunotan salgai Moskun. Egurrezko panpina horien barruan txikiagoak diren bost edo sei sartu ohi dira, eta panpina handienetan hogeita hamabost ere sartu izan dira. Moskun egunotan saltzen dituzten horien barruan, baina, bakarra dago. Dmitri Medvedeven irudia ageri da aurrenekoan. Hura ireki eta barruan beste pertsona baten irudia duen panpina dago.
Dmitri Medvedevek irabaziko ditu gaurko bozak. Ez dago zalantzarik. Vladimir Putinek -Matriuskaren barruan ezkutatzen dena bera da- presidentetza utziko du, baina ez agintea, eta itzaletik, barrutik, aginduko du hemendik aurrera: lehen ministroa izango da. Konstituzioak ez dio uzten hirugarren agintaldira aurkeztea eta, horrexegatik, bere txotxongiloa izango dena aukeratu du bera ordezkatzeko. Medvedeven leloaren kanpaina hauxe da: Elkarrekin garaituko dugu.
Matriuska horien barruan beste hiru panpina sartu ahal zituzten -bozetan lehiatzen diren beste hiru hautagaien irudiarekin-, baina horretarako lana ere ez dute hartu. Errusian eta munduan jakina dena agerian uzteko modu sinbolikoa izan da akaso. Hiru hautagaietatik bakar batek ez du aukera bakar bat ere hauteskundeak irabazteko.
Zalantza bakarra, beraz, abstentzioa da. Medvedevi botoa ematera joango direnak zenbat izango diren da kezka. Kremlin horren beldur da bakarrik; izan ere, beste guztia kontrolpean du aspalditik.
Kremlinek abstentzio handiak bozei zilegitasuna kenduko diela badaki, eta horregatik makineria propagandistiko zorrotza jarri du martxan parte-hartzea sustatzeko. Moskun, esaterako, garraio publikoa doakoa izango da bozkatzera joateko. Janti-Mansiisk Siberiako eskualdean, lekutan dagoen eskualdean, etxebizitzak zozkatuko dituzte hautesleen artean. Khakasiako errepublika autonomoan, berriz, botoa ematera joaten direnek ilea moztu ahal izango dute, edo abokatu baten aholkua jaso, edo medikuaren kontsultatik pasa edo kafe bat edan. Dena doan. Sakelakoetan ere parte-hartzera joateko mezuak jasotzen ari dira azken egunotan herritarrak.
Abstentzioa handia izatea ez da, hala ere, bozei zilegitasuna kenduko dien gauza bakarra. Bozak jada ez dira zilegi izango. Behintzat, hori uste dute herritarren erdiek. Nazioarteko ikuskatzailerik apenas egongo den eta oposizioak ezin izan du bozetan parte hartu. Mendebaldetik kritikak jaso ditu egunotan Putinek. Mendebaldeak, baina, ez duela demokraziaren inguruko irakaspenak emateko «aginpide moralik» uste du orain arteko presidenteak.
Putinek zortzi urteko agintaldian, demokraziaren irizpideak ahaztu egin ditu, bai, baina errusiar askori ez zaie hori axola; izan ere, ekonomikoki duela zortzi urte baino hobeto bizi dira. Errusiak nazioartean ahots propioa eta irmoa berreskuratzeko gaitasuna ere izan du. Horregatik irabaziko ditu gaur bozak Putinek.
ANALISIA/Matriuskaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu