Annina Grob: "Gutxi batzuk besteen lepotik aberastea lotsagarria da, eta gelditu beharra dago"

2013ko azaroaren 25a
11:39
Entzun

Lau urtez, gehiegizko soldatak mugatzeko kanpaina bultzatzen aritu da Suitzako alderdi sozialistako gazteen adarra, Juso. Kanpaina horretan partaide da Annina Grob. Galdeketaren atarian bidalitako galderei erantzun die. Bozketa irabazteko aukera gutxi izan arren, eztabaida gizarteratzea eta hautesle kopuru esanguratsu batera iristea lortu dutela nabarmendu du.

Gaur bozkatuko da 1:12 ekinaldia, azkenik. Zer aukera du gaur egun proposamenak aurrera atera eta onartua izateko?

Kanpainaren xede nagusietako bat izan da eskaera babesten duen hautesle kopuru garrantzitsu batera iristea. Lortu dugu, argi eta garbi, soldaten desorekari buruz eztabaidatzea Suitzan. Azken inkestek diote egitasmoa akaso ez dela aurrera aterako. Ez badugu populazioa horren garrantziaz konbentzitzen, zuzendarien soldatekin gertatzen diren gehiegikeriek bere hartan jarraituko dute, eta beste irtenbideren bat lortzeko lan egin beharko dugu.

Zergatik uste duzue onartu behar dela 1:12 ekinaldia?

Orain dela hogei urte, Suitzako soldata ratioak ezberdintasun onargarri batzuk zituen. Ordudanik, etengabe handitu da enpresa berean soldata handienaren eta txikienaren arteko aldea. Batez beste, 1984an 1:6 zen aldea, 1998an 1:13, eta 2011. urtean 1:43 izatera iritsi zen. Gutxi batzuk besteen lepotik aberastu dira. Lotsagarria da, eta erabaki demokratiko baten bidez gelditu beharra dago. Inork ez du ematen beste pertsona batek baino 100 aldiz zerbitzu handiagoa.

Soldaten arteko desorekari buruzko kezka badago munduko herrialde askotan ere. Zergatik sortu da halako egitasmo bat zure herrialdean?

Suitzan bada, 100.000 sinadura bilduta, legedia aldatzeko bidea ematen duen tresna politiko bat, eta, horri esker, posible da goi kargudunen elite txiki baten gehiegikeriak amaitzea. Demokrazia zuzendaren parte da. Suitzan egoera bereziki larria da, gainera:  Europako beste herrialdeekin alderatuz gero, zuzendariek askoz diru gehiago irabazten dute hemen.

Noiz bihurtu da soldaten arteko desoreka arazo gizartearentzat?

Suitzako sindikatuen batasunak bildu dituen datuen arabera, 1980ko hamarkadatik neurririk gabe handitu da soldaten arteko aldea.

Zein muga ezarri behar zaie? Zergatik 1:12, eta ez 1:6 edo 1:24?

Geuretzat, zuzentasun neurri on bat hilabete-urte aldea da. Enpresa berean, inork ez luke hilabeten irabazi behar soldatarik txikiena duenak urte osoan baino gehiago.

Suitzak beti izaten ditu emaitza oso onak ongizatea edo bizi-kalitatea neurtzen duten nazioarteko azterketetan. Soldaten desoreka horrek arriskuan jartzen du egoera hori?

Desoreka handitu egin da 1970eko hamarkadatik aurrera; hori datuek diote. Arazo handia da. Richard Wilkinson osasun arloko zientzialariaren aburuz, berdintasun gutxiago duen gizarte baten populazioak zoriontasun gutxiago izango du. Soldata puztuak dituzten zuzendaritza karguena oso arazo larria da Suitzan, eta mehatxu egiten dio gizarte kohesioari. Inork ezin ditu ulertu jende horren ordain neurrigabeak, eta populazioan ezinegona sortzen du.

Egitasmoaren aurkakoek diote enpresa askok, batez ere multinazional handienek, Suitzatik alde egingo dutela proposamena martxan jarriz gero. Zer erantzungo zenieke?

Hainbat arrazoi daude enpresak herrialde honetan kokatzeko. Azpiegiturak, prestakuntza eta egonkortasun politikoa faktore garrantzitsuak dira Suitzan egotea erabakitzeko.

Askatasun ekonomikoen aurka egotea ere leporatu dizuete. Mugarik jarri behar zaio askatasun ekonomiko horri?

Nork justifika dezake 90 milioi frankoko [73 milioi euro] soldata bat kobratzea? Gutxi batzuen mesederako erabiltzen den askatasun ekonomikoa ez da askatasun. Gainera, ikusi dugu zer gertatzen den enpresetako zuzendariek euren kasa eta inolako kontrolik gabe erabakiak hartzen dituztenean: UBSk ia porrot egin zuen, eta estatuak diru publikoa jarri behar izan zuen bankua salbatzeko. Geuretzat, betebehar politikoa da eskubideak ezartzea gutxi batzuk askatasun horietaz abusatzen ari direnean.

Beste herrialde batzuetan ordain desorekari aurre egiteko legeak onartzea trabatzen ari den arrazoi nagusia beldurra da, enpresek herrialdetik ihes egiteari zaion beldurra. Nola borrokatu beldur hori?

Herrialde askotan, gehiegi puztutako soldatei buruzko eztabaida mahaiaren gainean jartzea lortu dute, eta geure eskaerak arreta handia jaso du nazioartean ere. Hainbat tokitan 1:12ren norabidea hartzeari buruz hitz egiten ari da. Esaterako, PSOEk iragarri du neurria bere programa ekonomikoan jarri nahi duela.

Martxoan, Minder ekinaldia onartu zen; orain, 1:12 bozkatuko da, eta bada beste proposamen bat Suitzan gutxieneko soldata jartzeko. Bestelako lege aldaketarik beharrezko ikusten dituzue ezberdintasun ekonomikoei aurre egiteko?

Bai. Jendeak bizitza duin bat izan dezan, gutxieneko soldata bat ezartzea behar dugu. Hori 2014an bozkatuko da. Beste egitasmo bat oinordetza zergei buruzkoa izango da, ekitatearen aldeko beste urrats garrantzitsu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.