Anoetako proposamena bakerako proposamena dela nabarmendu dute Otegik, Permachek eta Alvarezek Espainiako Auzitegi Nazionalean

2006ko otsailaren 3a
13:31
Entzun
2004ko azaroaren 14an Batasunak Donostiako Anoetako belodromoan egin zuen ekitaldi politikoaren harira, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez Batasuneko buruzagiek. Felix Degayon epaileak egindako galderei erantzuteari uko egin diote hirurek, baina esan diote Anoetako proposamena bakerako proposamena dela. Hain zuzen ere, deklaratzera sartu aurretik ideia hori nabarmendu du Otegik kazetarien aurrean. Euskal gizartearen ordezkaritza bat lagun zutela joan dira Madrilera: besteak beste, ELA, LAB eta EHNE sindikatuetako ordezkariak, eta Batasunekoez gain, EA, Aralar eta EAE-ANVkoak izan dira han Otegi, Permach eta Alvarezerekin.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Felix Degayon epaileak legez kontrako batzar delitua eta "terrorismoa goraipatzea" egozten die hirurei. Horrez gain, desobedientzia delitua ere leporatzen dio Otegiri. Hori guztia 2004ko azaroaren 14an Anoetako Proposamena aurkeztu zuten ekitaldi politikoa antolatzeagatik.

Batasuneko hiru buruzagiek Auzitegi Nazionalean egin duten deklarazio ematea laburra izan da. Izan ere, uko egin diote Degayon epailearen galderak erantzuteari. Soil-soilik, Anoetako Proposamena "bakerako proposamena" dela esan diote epaileari, eta, ondorioz, ez zutela zertan haren galderei erantzun. Era berean, "eskubidedun herritarrak" eta ekitaldia egin zen garaian Eusko Legebiltzarreko kideak zirela gogorarazi diote.

Goizeko hamarretan zuten hitzordua Auzitegi Nazionalean, eta garaiz iritsi dira, euskal gizartearen ordezkaritza bat lagun zutela. Besteak beste, ELA, LAB eta EHNE sindikatuetako ordezkariak, eta EA, Aralar eta EAE-ANV alderdietakoak izan dituzte lagun Batasunekoek Madrilen.

Deklaratzera sartu aurretik egin dituen adierazpenetan, Anoetako Proposamena bakea lortzeko urratsa dela nabarmendu du Otegik. "Bakerako proposamen bat egin genuen, eta guk oso argi daukaguna da oztopo guztien gainetik proposamen horrek fruituak emango dituela, ematen ari dela, eta datozen aste eta hilabeteetan gehiago emango dituela. Historiak egunen batean onartuko due proposamen horren ondorioz bakea posible izan zela Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan", azpimarratu du.

Otegi, Permach eta Alvarezen aurkako kereila Espainiako Fiskaltza Nagusiak aurkeztu zuen , 2005eko urtarrilean, Anoetako ekitaldia legez kanpokoa zela iritzita. Garai hartan SA Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak ziren Otegi, Permach eta Alvarez, eta, ondorioz, aforatuak zirenez, EAEko Auzitegi Nagusiaren esku geratu zen auzia.

Gero, ordea, legebiltzarkide izaera galdu zutenean, Espainiako Auzitegi Nazioalak hartu zuen bere gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.