Atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu kontseiluak -EAJk eta EAk osatua- sozietateen zerga %30ekoa izatea hitzartu zuen -orain Batzar Nagusiek eman beharko diote balekoa-, eta atzoko erabakia "ez da albiste ona" Xabier Agirre (EAJ) Arabako ahaldun nagusiaren ustez, tasa hori ez delako Bizkaiko eta Arabako aldundien bera; izan ere, bi horietan zerga %28koa izatea onartuta dute.
"Iazko urrian [EAE] hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak zergak %28koa izan behar zuela hitzartu zuten. Gipuzkoan %30ekoa onartzen badute, ez da albiste ona izango. Baina koordinazio eza hori ezin zaie inola ere leporatu Bizkaiko eta Arabako aldundiei", esan du gaur Agirrek Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan.
EAJk zergak %28koa izan behar duela "garbi" du, Agirek jakinarazi duenez, "baina gero hauteskundeetako emaitzak aldundien osaketa baldintzatzen dute, eta EAJk ez dauka Gipuzkoan %28ko zerga ezartzeko adinako gehiengorik". EAJk beste bi aldundietan PPren babesa jaso du sozietateen zerga berria onartzeko.
Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusiak atzo zioen kenkarien bidez EAEko hiru lurraldeetako "presio fiskala berdintsua" izango dela, eta hori azpimarratu du gaur Agirrek. "Dena dela, EAJren arduradun politikook laster bilera egingo dugu, gaia sakontasun handiagoarekin aztertzeko eta hiru lurraldeetako harmonizazio fiskalaren inguruan zer konponbide har daiteken ikusteko".
Arabako ahaldun nagusiarentzat "ez da albiste ona" Gipuzkoan zerga %30ekoa izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu