Aralarrek ere utzi egin du Azpeitiko udal gobernua, gaur Juan Karlos Arellano Azpeitiko zinegotziak, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak eta Rebeka Ubera Gipuzkoako Batzar Nagusietako kideak esan dutenez.
Ezker abertzaleko taldeak Inazio Uriaren hilketaren aurrean ETAren indarkeriari buruz jarrera garbirik ez duelako izan utzi du Aralarrek. Honen arabera, "onartezina" izan da jarrera hori. "Aniztasunean, elkarbizitzan eta azpeitiarren ongizatean oinarritutako gobernu akordioa sinatu genuen. Azpeitiar baten heriotzaren aurrean alkateak eta bere taldeak hartu duten bidea onartezina da, eta akordioaren printzipioen kontra egin duelako erabaki dugu gobernutik ateratzea. Bizitzarako eskubidea beste edozein eskubideren gainetik dago", esan du Abrilek.
Helburu politikoak lortzeko bide politikoak baino ez direla erabili behar aldarrikatu du Aralarrek, eta giza eskubide denen aldeko defentsa egin behar dela.
Arellano "harrituta" geratzen da alkatearen taldearekin, "atzo arratsaldean udalbatza garrantzitsua izango zela jakinda, ahalegin apurrik ere ez zuelako egin udal gobernua osatzen dugun alderdion artean testu bateratu bat adosteko".
ETAren aurka hitz egin du Aralarreko zinegotziak. "Azpeitian ahalegin handia egin dugu politika aurrerakoiak abian jar zitezen adostasunak lortzeko, baina ETAk zapuztu egin du ezkerrekoak eta abertzaleak sentitzen garenon elkarlana. Herrigintzan ezkerreko politika aurrerakoiak ezartzeko egin dugun ahaleginean esku-hartze militarrik inondik inora ez dugula onartuko azpimarratu nahi dugu".
Atzo EAk utzi zuen udal gobernua, ezker abertzaleko taldeak hilketaren "gaitzespen argirik" ez zuelako izan udalbatzarrean.
EAE-ANVk (sei zinegotzi), EAk (bi) eta Aralarrek (bat) akordioa lortu eta Iñaki Errazkin ANVko zerrendaburuak alkatetza eskuratu zuen iaz, ekainaren 16an, eta harrezkero hiru alderdiek osatu dute udal gobernua.
Orain, beraz, ezker abertzaleko taldea bakarrik geratu da. Talde horretako kidea da Iñaki Errazkin alkatea.
EAJk jakinarazi du zentsura mozioa sartuko du, EA edo Aralarren babesa badu. Gutxienez beste alderdi bateko kide baten boto bat behar du EAJk.
Aralarrek ere utzi egin du Azpeitiko udal gobernua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu