Aralarrek eta EAk ere dei egin dute larunbateko manifestaziora joateko

2009ko abenduaren 30a
18:53
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalaren debekuaren berri jakin aurretik bidalitako oharrean, Aralarrek dei egin du larunbatean Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora joateko, eta bere partetik "ordezkaritza zabala" egongo dela iragarri du: Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia, Jon Abril koordinatzaileordea, Rebeka Ubera antolaketa idazkaria, Oxel Erostarbe eusko legebiltzarkidea, Nekane Perez eta Patxi Telletxea Nafarroako parlamentaria, eta Josu Murgia Bizkaiko koordinatzailea.

"Eskubide guztiak guztientzat izan behar direla azpimarratu nahi dugu. Presoen eskubideak oraindik errespetatuak ez direnez, horiek ere aldarrikatuak izan behar dira", adierazi du Aralarrek.

Alderdi politikoaren iritziz, "sakabanaketa politikak euskal presoen eskubideak urratzen ditu eta haien senitartekoei ere inork merezi ez duen zigorra eransten die. Edota zigorraren hiru laurdenak betetzen dituzten presoek kalean egon behar dute". Haien beste eskubide batzuk ere zanpatuta daudela salatu du.

Modu horretara, "legezkoa eta gizalegezkoa delako, Aralarrek dei egiten die Espainiako Estatuko agintariei presoen eskubideak errespetatu eta distentsio keinuak egiteko, horrek neurri batean balioko lukeelako gauden egoera desblokeatzeko".

EAk ere jakinarazi du Bilboko ekimenean izango dela larunbatean -honek ere auzitegiaren erabakia jakin aurretik bidali du oharra-, eta herritarrei dei egin die joateko. Espetxe politikak ez du "oinarri legal eta etikorik", EAren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.