Arazo handiak sortu dira itzultzailearekin Haika eta Segiko kideen epaiketan

2005eko otsailaren 15a
13:34
Entzun
Ordubeteko atzerapenez, goizeko hamaiketan, hasi da gaur Haika eta Segiko kide izateagatik auzipetutako gazteen epaiketa. Gainera, hasi eta lasterrera, etenaldia agindu dute epaileek, hain zuzen ere, itzultzaileak arazoak zituelako akusatuek euskaraz esaten zutena gaztelerara itzultzeko. Gorka Urbiolak deklaratu du aurrena, eta Aitziber Perez Blanco hasi da gero.

Urbiolak gazteleraz deklaratu du, eta, beraz, harekin ez da arazorik sortu. Jarraiko, Haikako zein Segiko kide izan denik ukatu du Urbiolak, eta, halaber, ETArekin inoiz harremanik izan duenik. Bakar-bakarrik onartu du Golkoko Gerraren garaian, institutuan ikasten ari zela, mugimendu antimilitaristako kide zela, eta, ondorioz, beste hainbat mugimendurekin bezala Jarrairekin harremana izan zuela.

Aitziber Perez Blanco hasi da deklaratzen ondoren, euskaraz, eta harekin sortu dira itzulpen arazoak. Fiskalaren eta akusazio partikularraren galderei ez diela erantzungo agertu du Perez Blancok "euskal gazteria kriminalizatzeko helburua" dutelako. Azalpen hori zazpi bider errepikatu behar izan du itzultzaileak gaztelerara behar bezala itzuli ahal izateko. Defentsaren galderei erantzuten hasi denean, are eta arazo handiagoak sortu dira: ezin itzulita geratu da behin eta berriz itzultzailea, eta, besteak beste, agertu du 'erakunde' hitzak zer esan nahi zuen ez zekiela.

Itzultzailearen gaitasun gabeziak defentsaren protesta eragin du, eta epaileek saioa etetea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.