Arazoa hemen ere

2014ko urtarrilaren 10a
17:48
Entzun

"Bakterio erresistentzia mundu mailako arazoa da; beraz, Euskadi horren barruan dago", azaldu du Emilio Perez-Trallero doktoreak. "Ospitaleetatik kanpo zirkulazioan dauden bakterioei dagokienez, gure herrialdeko erresistentzia mailak Europako garapen ekonomiko handiko beste herrialdeetakoen antzekoak dira".

Eta hala, munduan bezala, antibiotiko berrienekiko bakterio erresistentziak dira hemen ere kezka iturri handiena. Eta horien jatorria normalean ospitaleak izaten dira, baina jada zabaldu dira horietatik kanpo ere. "Euskadiko gure ospitaleek andui erresistente horien portzentaje txikixeagoa dute Espainiako beste eskualde zenbaiten eta beste herrialde batzuen aldean; eta ez da ezohikoa beste ospitaleetan egon diren gaixoak hartzea eta horiek bakterio multierresistenteak barreiatzea".

Halako kasuez egiten den jarraipenaz Perez-Trallerok dioenez, "ospitale bakoitzean mikrobiologia zerbitzu bat izaten da, bakterio erresistentzien maiztasunaren jakitun izaten dena. Gero, ospitaletik kanpo, gauzak konplexuagoak dira, eta zaintza aktiboago bat eskatzen du horrek, mundu guztiak bete ezin dezakeena". "Gure ikerketa taldearen lerro nagusien artean dago bakterio erresistentzia, eta urtero egiten ditugu ekarpenak nazioarteko aldizkari zientifikoetan".

Kontsumoa

Erresistentziaren arazoaren inguruan baliagarria izan daiteke antibiotikoen kontsumoaren bilakaerari begiratzea. Hala, Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuei begiratuta, ikus daiteke joera gorabeherak izan direla azken urteetan: 2006an, eguneko dosi zehaztuetan (EDZ), antibiotiko sistemikoen urteko kontsumoa 237.000 ingurukoa izan zen; eta kontsumoak gorantz egin zuen hurrengo urteetan, 2009. urtean goia jo arte: 503.000.

Gero, bi urtetan, 374.000ra jaitsi zen kontsumoa (2011n). Baina ordutik, gutxi bada ere, igo egin da antibiotikoen erabilpena. 2012an 378.000koa izan zen urteko kontsumoa, eta iaz, irailera arte, 374.000koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.