Azken orduetako euri jasa eta haize bolada handien ondorioz, hainbat errepide istripu gertatu dira, eta, halaber, trafikoa eragozten duten putzuak sortu diraetaadar eta zuhaitzak erori dira errepideetara.
Horietako traba handienetako bat A-8 autobidean dago, Muskiz (Bizkaia) parean . Kamioi batek su hartu du goizean, istripua izan ondoren, eta oraindik errepidean jarraitzen du pasabidea trabatuz. Ilara handiak daude noranzko bietan. Halaber, A-8an, eta Bizkaian bertan, Trapaga parean, bi autok, kamioi batek eta Bizkaibus enpresako autobus batek elkar jo dute goizean. Talkaren ondorioz, autobuseko bi bidaiari zauritu dira, arin. Gainera, eskuineko bidea moztuta egon da Bilborako noranzkoan, eta ilarak sortu dira. Bilbo parean, berriz, kamioi batek eta auto batek elkar jo dute Donostiarako noranzkoan, eta ilarak sortu dira. Autobide berean, baina Lapurdin, kilometro eta erdiko ilarak izan dira goizean Biriatuko ordainlekuan.
Kamioiekin arazoak A-15ean
A-15 autobidean, berriz, bi kamioik istripuak izan dituzte, eta arazoak eragin dituzte trafikoan. 10:30 inguruan kamioi batek artaziarena egin du Leitza (Nafarroa) parean. Ondorioz, noranzko bietan bide bat itxita egon da 14:00etan kamioia kentzea lortu duten arte. Bitartean Nafarroa eta Gipuzkoa artean ibiltzeko N-121-A errepidea edo A-1a hartzeko aholkatu du Nafarroako Gobernuak. Handik ordu erdi batera-edo, autoak garraiatzen dituen kamioi bat irauli da Mugiroko eta Latasako irteeren artean, eta traba sortu da berriro Iruñerako noranzkoan. N-121-A errepidea edo A-1 erabiltzeko aholkatu dute berriz. Hain justu, N-121-A errepidean Belateko tunela gaur zabaldu dute berriro, konponketa lanak egiteko hiru astez itxita eduki ondoren.
Eroritako zuhaitzaka traba
Lezo (Gipuzkoa) parean zuhaitz bat erori da N-1 errepidera, eta trafikoa oztopatzen du Irunerako noranzkoan. Gipuzkoan bertan, Aiatik Zarautzera doan errepidean ere arbola bat erori da.
ARAZOAK ERREPIDEETAN/Ilara handiak A-8an, Muskiz parean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu