Aresek «lidergo berri bat» ezarri duela dio Maite Pagazaurtunduak

2010eko abuztuaren 5a
11:36
Entzun
Egungo Eusko Jaurlaritzaren eta, bereziki, Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresen lana txalotu du Joseba Pagazaurtunduaren sendiak. Gurutz Agirresarobe eta Aitziber Ezkerra hernaniarren atxiloketaren harira, agerraldia egin zuten atzo Joseba Pagazaurtunduaren arrebak eta alargunak, Maite Pagazaurtunduak eta Estibaliz Garmendiak. Opor egunak Santanderren (Kantabria, Espainia) igarotzen ari direla eta, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren hango egoitzan egin zuten prentsaurrekoa.

2003ko otsailean PSE-EEko kidea hil zuten ETAko kideen atxiloketa noiz iritsi zain zeudela nabarmendu du Pagazaurtunduak, eta eskerrak helarazi dizkie ikerketan zein polizia operazioan parte hartu duten Ertzaintzako zein Espainiako Segurtasun Indarretako kideei. Pagazaurtunduak adierazi duenez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren, Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren eta «ardura politiko garrantzitsuak dituzten» beste hainbat pertsonarekin hitz egin zuen atxiloketen egunean.

Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentearen arabera, Euskal Herrian «aldaketa» gertatu da azken urteetan «terrorismoaren aurkako borrokan». Aresek alor horretan ezarri duen «lidergoa» nabarmendu du Pagazaurtunduak. «Euskal Herrian terrorismoari zilegitasuna kentzeko lidergoa falta zen, eta orain badirudi hori aldatu egin dela. Aginte berriak mesede egin dio Ertzaintzaren zuzendaritzari», azaldu du.

Pagazaurtunduaren hitzetan, urteetan «gauza asko ez ziren ondo egin» Jaurlaritzan. «Baina dena aldatzen joan zen eta Juan Jose Ibarretxeren azken garaian hobekuntza txikiak izan ziren», zehaztu du. Era berean, Javier Balza aurreko Herrizaingo sailburuaren lana «errespetatzen» duela nabarmendu duen arren, garai hartan «akats batzuk» egin zirela adierazi du.

Hala, Herrizaingo Sailari eskerrak eman dizkio «kasua berriro irekitzeagatik», eta esker ona luzatu die CNI Estatuko Inteligentzia Zentroari eta Espainiako Segurtasun Indarrei. «Horien guztien lanarengatik izango ez balitz, ez litzateke ETAren gainbehera egoera hau iritsiko».

Joko arauak eta inpunitatea

«Senideentzat eta gizartearentzat» onuragarritzat jo ditu atxiloketak. «Joko arauentzat ez dago inpunitatea baino gauza okerragorik», adierazi du Pagazaurtunduak.

Biktimen Fundazioko presidentearen arabera, ETAko kideek ez dute «erantzukizunerako senik». «Euren burua biktimatzat dute, eta [euskal] nortasuna modu itxuragabean ulertzen dute. Nortasunaren inguruan nartzisismo patologikoa dute; horren ondorioz, aberriarekiko maitasuna eta aberriaren ikurrak gaizki ulertzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.