Argindar erreforma atzera botatzeko konpromisoa hartu dute oposizioko alderdi gehienek

2013ko abenduaren 19a
14:02
Entzun

Gaur onartuko da argindarraren erreforma PPren gehiengo absolutuak lagunduta. Dena den, Kongresuko talde gehienek erreforma hori atzera botatzeko konpromisoa hartu dute: PSOEk, Ezker Anitza taldeak, Amaiurrek, Geroa Baik, ERCk, BNGk, Compromis-Equok eta UPDk. EAJk, CiUk eta UPNk ez dute konpromiso hori hitzartu.

Erreforma energetikoak hauts ugari harrotu ditu hasieratik. Energia berriztagarrietan inbertitu duten enpresa eta herritarrek zein talde ekologistek gogor kritikatu dute Jose Manuel Soria Industria ministroak bultzatutako erreforma eta argindar konpainien esanetara egotea aurpegiratu diote. Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko eledunak ere gaur "sektoreko mafien esanetara" egotea egotzi dio. Ildo beretik, Compromiseko Joan Baldovik ere erreforma "UNESA argindar patronalaren bulegoetan idatzitako lapurreta" dela salatu du..

EAJren akordioa industria arloko enpresentzat

Industria arloko enpresek ere, batik bat siderurgia eta papergintza arloko argindar kontsumitzaile handiek, hasieratik ohartarazi dute legea indarrean sartzean tarifa nabarmen garestituko zela eta Europako lehiakideekiko desabantaila handian sartzear zirela. Hala ere, aldaketak daude alor horretan. Legearen tramitaziotik at, 2015era bitartean tentsio handiko tarifan Espainiako Gobernuarekin %50era bitarteko murrizketa hitzartu duela jakinarazi du EAJren Kongresuko Euzko Abertzaleak Taldeak.

Iturri jeltzaleek azaldu dutenez, batik bat EAEko eta Asturiasko enpresek tarifa berezi bat ordaindu behar izaten dute: aspaldidanik "diskrimazioa" egon dela salatu dute tarifa horri ezartzen zaizkio sarbiderako bidesarietan.  Hala, argindar erreformaren testuinguruan, lege barruan bidesari berezi horien murrizketa negoziatzen ahalegindu da EAJ, eta azkenean legetik at bada ere, murrizketa hitzartu duela jakinarazi berri du: 2014ean kontsumitzaile horiei %30 murriztuko zaie tarifaren bidesariak eta urtean 30 milioi aurreztuko dira, eta 2015ean, %20 jaitsiko zaie eta 20 milioi euro murriztuko dira.

Legetik at denez hitzarmena, PPren gobernuak hitz eman du konpromiso hori betetzeko 1164/2011 errege dekretua aldatuko duela, eta era berean, 2014rako BIdesarien Agindua ere bai. Pedro Aspiazu EAJren eledunak "albiste ona" dela goraipatu du, baina argi utzi du ere erreformak ez dituela inondik inora asebetetzen. "Euskal industriako enpresak askok tarifan egun jasan behar izaten duten bidesari horiek ulertezinak dira", azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.