Espainiako —eta hortaz Hego Euskal Herriko— argindar merkatua gaizki dagoela erakusten du kontsumoaren datuak. Merkatuen lege oinarrizkoak dio kontsumoak behera egiten duela behera egiten dutela prezioek ere, merkatu horretako eragileek eskaintza hobeagoekin erakarri nahi dituztelako bezeroak. Hori ez da gertatzen argindarraren merkatuan: prezioak igo eta igo ari dira, eta jaitsi eta jaitsi, berriz, haren kontsumoa. REE Espainiako sare elektrikoa kudeatzen duen enpresaren arabera, aurten 246.166 gigawatt-orduko (GWh) kontsumoa egingo da, iaz baino %2,3 gutxiago. 2005ko kontsumoa da hori, nahiz eta orain argindar watt bakoitzaren prezioa %50 handiagoa izan orduan baino.
Kontsumoaren %42,4 energia iturri berriztagarriei lortu du; iaz baino 10,5 puntu gehiago dira eta neurri batean urte hasierako eurite indartsuei zor zaie, zentral hidraulikoak topera aritzea ahalbidetu zutelako. Guztira, argindar beharren %14,4 estali zuen energia hidraulikoak. Energia eolikoak bete du argindar eskaera gehien (%21,1, 2012an baino hiru puntu gehiago).
Energia nuklearrak %21 bete zuen, ikatza darabilten zentral termikoek %14,6 eta %9,6 ziklo konbinatukoek.
Instalatutako potentziaren zati handi bat erabili gabe dagoen arren —ziklo konbinatuko zentralak batez ere—, potentzia gehiago instalatu dute. Guztira 102.281 megawatt ekoitzi ditzakete Hego Euskal Herriko eta Espainiako zentralek, 2012an baino 556 MW gehiago (173 MW eoliko eta 440 MW eguzki energian). Berriztagarria da instalatutako energia iturrien erdia.