Argindar sistema ulertzeko gakoak

2014ko otsailaren 15a
17:37
Entzun

LEHEN

Nola zegoen osatuta faktura? Bi zati zituen. Bidesariena zen bat —kontratatuko potentzia, berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak, zergak...—, eta Espainiako Gobernuak arautzen zuen. Bigarren zatia energia sortzeak zuen kosteari zegokion. Iazko urtarrilean, fakturaren %35 osatzen zuen lehen zatiak, eta %65 bigarrenak.

Nola kalkulatzen zen energia sortzearen kostua? Hiru hilean behin enkantea egiten zen —Cesur deitutakoa—, eta enpresa elektrikoek, artekariek, inbertsio funtsek eta bestek parte hartzen zuten. Ez zuten energia eskuratzen, energiari buruz negoziatzen zuten, espekulatu egiten zuten, eta une jakin baterako eskainitako prezio horrek osatzen zuen fakturaren zati bat.

Zein zen enkantearen arazoa? Oso aldakorra zen, eta gardentasuna falta zuen. Gobernuak susmoa zuen argindar konpainiek prezioak puzten zituztela enkantea gerturatu ahala. Abenduan ikusi zen: enkantea %30eko prezio amaierekin bukatu zen —beste arrazoi batzuez gain, argindar konpainien eta gobernuaren arteko ika-mikek eraginda—, eta igoera hori fakturan aplikatu izan balitz, %12 garestituko zen bat-batean faktura.

Bezeroak nola jakin zezakeen prezioa?  Ezegonkorra izanda ere, hurrengo enkantea egin arte kilowattagatik prezio berbera ordaintzen zuten kontsumitzaileek.

Sistema hark nola eragin zuen prezioen bilakaeran? Ezin esan kontsumitzaileen poltsikoei mesederik egin zienik. Eurostaten arabera, 2006tik %70 garestitu da argindarra kontsumitzaile txikien artean. 

Zer zioten argindar konpainiek? Gobernuak enkantea baliogabetu eta balizko manipulazioa aipatu zuenean
—Lehia Batzordeak esan du ez zela halakorik izan—, gogor kritikatu zuten. Horrez gain, aurtengo lehen hiruhilekorako prezioa ere gobernuak finkatu zuen: %2,3 igo zuen. Unesa patronalak garestitze hori igoera "politikoa eta artifiziala" zela esan zuen. "Gobernuak kostu politikoak gaineratzen dizkie herritarren argindar fakturei".

Zer zioten kontsumitzaile elkarteek? Kontsumitzaile elkarteek gobernu ezberdinek argindar sistema liberalizatu izanari egotzi diote azken urteotako garestitzea. Facuak, esaterako, "zoratzen" egotea leporatu dio PPren gobernuari, "herritarrak oligopolio handi baten esku egon arren".

ORAIN

Nola osatuko da faktura? Osaera mantenduko da, baina proportzioak ez dira berdinak izango. Bidesariei dagokien zatiak %60ko eragina izango du, eta energiarenak, %40. Ondorioz, kontsumoak garrantzi gutxiago izango du, eta gehien kontsumitzen dutenei egingo die mesede.

Nola kalkulatuko da? Enkantearen ordez, argindarraren merkatuko prezioa hartuko da kontuan —gaur egun ere existitzen da—. Red Electrica de Españak hurrengo egunean egongo den argindar kontsumoaren lehen kalkulua egingo du. Hori kontuan hartuta, ekoizleek argindarra eskainiko dute prezio jakin batean.

Zein izango da merkatuko prezioaren arazoa? Sistema oso aldakorra izango da. Eguraldia, esaterako, faktore garrantzitsua da. Haize handia dabilenean, argindar megawatt bakoitza zero euroko kostua izatera jaits daiteke, parke eolikoek ekoizten dutena aski delako eskaera hornitzeko. Berdin egun euritsuetan, zentral hidraulikoei esker. Halakorik ezean, eta kontsumo handia dagoenean, kontrakoa gerta daiteke, prezioek bat-batean gora egitea. Burtsen antzeko funtzionamendua izango du, beraz, argindarraren prezioak.

Bezeroak nola jakingo du prezioa? Zaila izango da. Kontagailu adimentsua dutenek unean uneko prezioa ordainduko dute. Bi hilabeteko fakturan, 15.000 tarifa desberdin izango dituzte, ordu bakoitzean bat. Halako kontagailurik ez dutenei, merkatuak izandako batez bestekoa aplikatuko zaie.

Nola eragingo du prezioen bilakaeran? Ikusi egin beharko da. Gobernuak esan du %3 merkatuko dela. Izan ere, enkanteek bazuten finantza gastu bat, aurreikusitako kostuaren eta errealitatearen artean desorekak gertatutakoan konpainia elektrikoek izan zitzaketen galerak konpentsatzeko. Enkantea desagertzeak ekarriko du %3ko jaitsiera, baina hortik aurrera zer gertatuko den ikusi egin beharko da.  

Zer diote argindar konpainiek? Sistema oso konplexua dela dio Unesak, eta fakturak prestatzerakoan arazoak sor ditzakeela. Gainera, sistema berrira egokitzeko denbora gutxi duela dio.

Zer diote kontsumitzaile elkarteek? Facuak dio sistema berriak legea urratzen duela. Haren arabera, kontsumitzaileen defentsarako legeak behartu egiten du bezeroei prezioen gaineko informazioa ematea; sistema berriarekin, ordea, «erabat zaila» izango da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.