Arrasateko EBko bi zinegotziak “alderditik kanpo” daudela dio Llamazaresek

2008ko apirilaren 25a
12:25
Entzun
Gaspar Llamazares Izquierda Unidako (IU) koordinatzaile nagusiak Arrasateko Udaleko (Gipuzkoa) Ezker Batuko (EB) bi zinegotziak “alderditik kanpo” daudela jakinarazi du gaur. IUko buruzagiaren arabera, bi zinegotziei esan diete dagoeneko alderditik kanpo daudela.

Atzo bozkatu zuten Arrasaten PSE-EEk eta EAJk aurkeztutako EAE-ANVren aurkako dimisio eskaera mozioa. EBko bi zinegotziak abstenitu egin ziren; Arrasaten Zutik-ekin koalizioan dago EB -Zutikeko zinegotziak kontra bozkatu zuen atzo-.

IUren "orientazio orokorraren aurka" egiten dutenak “alderditik kanpo” daudela azaldu du Llamazaresek, eta IUren eta EBren datozen batzarretan estatutuak aldatuko dituztela gaineratu du, “zigorra araututa egon dadin”.

Mikel Arana EBko presidentzia bozeramailearen arabera, berriz, "estatutuen barruan" jardun dute bi zinegotziek eta, beraz, "ezin da zigorrari buruz hitz egin".

EBko buruzagitzak Arrasateko zinegotzien jarrerarekin bat egiten ez dutela adierazi du, baina alderdiaren estatutuek “mota horretako erabakiak herriko taldeen esku uzten dutela azaltzen dute”.

Hala ere, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean egingo duten batzar orokorrean eskumen hori aldatu nahi dutela esan du Aranak.

Llamazaresen iritziz, bi zinegotziek erakutsitako jarrerak “ez dio demokraziari inongo mesederik egiten”, eta “indar politiko demokratikoen porrota” izan dela erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.