Arriskuz beteriko abentura

2013ko ekainaren 14a
17:42
Entzun

"Jainkoak Kaini emandako lurrak". Jacques Cartier esploratzaile frantziarrak hala deitu zion Labradorri 1534an, kostalde hotz hura madarikatutzat jotzen zuela adieraziz. Ez zen edozein joaten balea arrantzara; nabigazioaren arriskuak, arrantzaren beraren arriskuak, lanaldi etengabeak, istripuak, gaixoaldiak, indigenen erasoak eta beste nozitu behar zituzten XVI. mendeko baliabide eskasekin. Klima izugarri gogor baten pean eta negua behar baino goizago iritsiko ote zen beldurrez. Gizon mardulak ziren, Saddle uharteko hilerrian aurkitutako gorpuzkiek adierazten dutenez.

Batzuetan bakailaotara, beste batzuetan baleak harrapatzera, udaberriro abiatzen ziren ur urrun haietara. 1540tik 1580ra arteko urteetan izan zen euskal baleazale gehien, eta 60ko eta 70eko hamarkadak izan ziren goreneko aldiak. Urtero, hilabeteetako prestakuntzaren eta horniketaren ondoren, euskal kostaldetik 30 bat itsasontzi abiatzen ziren Red Bayra eta inguruko beste portuetara, Selma Huxley eta Michael Barkham ama-seme historialarien kalkuluen arabera. Han ematen zituzten sei-zazpi-zortzi hilabeteetan guztira urtero 400 bat balea harrapatzen zituzten, eta 20.000 lumera upelekin itzultzen ziren etxera.

Hala, urte haietako uda batean, Red Bayko badian dozena bat itsasontzi izango ziren, eta mila bat euskal mariñel, jo eta su lanean, soldatapean ez zihoazenez, ekarriko zuten kargaren araberakoak izango zirelako haien irabaziak. Beraz, zenbat eta balea gehiago arrantzatu, zenbat eta koipe gehiago urtu eta upelaratu, hobe guztientzat. Baina ozeanoa zeharkatzea jada itzelezko abentura zen. Gero, behin iritsita, arrantza bera ere oso arriskutsua zen, arpoitzeko orduan animaliak isatsarekin ontzia jo zezakeelako. Balea zatitzea bera ere tentu handiz egin behar zen, lanabes zorrotzekin, balearen gainean zutik. Eta koipea urtzeko labeetan, kirats eta bero handia jasan behar zuten, lanaldi amaigabeetan. Itzulerako nabigazioa ere, negua bazetorrela, joanekoa baino oraindik arriskutsuagoa gerta zitekeen. Hori, itzultzea lortzen bazuten, zeren, uste baino lehenago urak izoztu eta negua zero azpiko 20-30 graduko tenperaturak iristen zituen eremu latz hartan pasatzera behartuak ikus zezaketen euren burua baleazale euskaldunek, eguraldi gogorrari aurre egiteko hornituta egon gabe. Agiri zaharrek jasotzen dutenez, 1576ko negualdian 300 lagundik gora hil ziren kostalde hartan harrapatuta.

Balea arrantzak atseden tarte bat izaten zuen, abuztu amaiera eta irail hasieran, baleek migratu egiten zutelako. Bi balea mota harrapatzen zituzten Belle Isle itsasarteko uretan euskal arrantzaleek: Iparraldeko euskal balea (eubalaena glacialis), euskaldunek Kantauriko uretan jada ezaguna zutena, eta Groenladiako balea (balaena myscetus ). Balearik gabeko egunetan, hala ere, lanean jarraitzen zuten mariñelek, batez ere, ontzirako 1.000 edo 2.000 upel egin behar zituzten upelgileek.

Urteek aurrera egin ahala, bi balea motak urritzen joan ziren itsasartean, gehiegizko arrantzarengatik, eta, aditu zenbaiten arabera, klima aldaketa batzurengatik. Horrek arrantza sasoia luzatu zuen, eta, zenbaitetan, mendebalderagoko portu babesagoetan negua pasatzeko hautua egitera bultzatu zituen zenbait ontzi. Baina XVII. mende hasierarako, kronikek azaltzen dute Gran Bayan jada baleak desagertuta zeudela. Horri gehitu behar zaio Espainiako Felipe II.a, Ingalaterrarekiko gerran, euskal baleontziak bahitzen hasi zela, eta mariñelak derrigorrez armadaratzen. Urte batzuetan, hori Iparraldeko euskal arrantzaleen mesederako izan zen, baina balea arrantzaren garai onenak igaroak ziren euskaldunentzat. Beste herrialdeek monopolioa kendu zietela, San Lorentzoko golkora jo zuten, eta balea eta bakailoa arrantza konbinatzen hasi, baita hango mi'kmaq indigenekin larru merkataritzan ere.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.