Askapena Euskal Herriko talde internazionalistetako bat da (Komite Internazionalistak, Hemen eta Munduan, eta beste batzuk ere badira), eta Belemen (Brasil) egunotan egiten ari den Munduko Gizarte Foroan bere ordezkari batzuk eztabaidetan parte hartzen ari dira. Orain artekoaz eta Foroak izango dituen norabideez honako hausnarketa helarazi diote BERRIA.INFO-ri:
"Gizarte Foroak hainbat berrikuntza eskaintzen ditu. Lehena foroaren dinamika gidatzen duten hamar lan lerroen artean autodeterminazio eskubidea aurkitzean datza. Berrikuntzak badu balio berezia, oraino beste mundu baten aldeko leloaren inguruan antolaturiko prozedura honek ez duelako hurbiltasunez ulertu inoiz ukaturiko herrion arazoa".
Bigarren berrikuntza, Ameriketako herri indigena batzuek ekarritako dela nabarmendu dute Askapenako ordezkariek: "Amazonia brasildarrean ospaturiko foro honen lerro nagusiari loturik agertzen zaigu. Abya-Yalako [Amerika osoari deitzeko izen indigenetako bat] jatorrizko herrien presentziak, kopuruaz haratago edukietan eragiteko gaitasuna erakutsi du. Bertan ordezkaturiko jatorrizko herriek foroaren prozedurak bizi duen krisi momentua ulertzen asmatu dute. Proposamen zehatzekin etorri dira. Eta foroetan orain artean nagusi izan den sentsibilitatearenaurka, agenda politiko argi batekin aurkeztu dute haien burua. Behingoz, ikuspegi folklorikoa baztertuz".
Foroan Hego Amerikako bost estatu buru egoteak, foroaren baitan ematen ari den eztabaida indartu duela diote euskal internazionalistek: "Alde batean, Emir Sader edo Candido Grzybowskyk gidaturik, bada sektore bat mugimendu sozialen prozedura, Venezuelak duela hamar urte hasi eta Kubak sinbolikoki gidaturiko bideari lotzeko beharra aldarrikatzen duena. Beste aldetik, Chico Whitaker buru dutelarik, badira zortzi urtez elikaturiko mugimendu sozialen erreferentziari egin ahal dioten itzalaren beldur direnak".
"Hiru adibideek ideia bat argi uzten dute, egun badela foroen baitan aldaketaren aldeko hautua egiten duen sektore zabal bat. Autodeterminazio eskubidea ildoa da, jatorrizko herriek soberania eta erresistentzia eskubidean oinarri hartzen duen agenda politikoa aldarrikatzen dute eta alderdi eta estatuekiko elkarlanerako deialdiak egun errealitate ukaezin bihurtu dira foroaren baitan".
Askapena, Munduko Gizarte Foroaren norabideez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu