Askatasuna erakundearen ustez, Iñaki de Juana presoak duela bi urte aske behar zuen, eta "kafkianotzat" jo du harekin egiten ari direna, Juan Mari Olano bozeramaileak ohar baten bidez esan duenez. "Senda-agiria eman zioten duela egun batzuk Donostiako Ospitalean eta bahiturik izan dute; azkenean, Madrilera eramatea erabaki dute. Atzo Zapaterok esan zuen bere ahalegin osoa egin duela Euskal Herrian bakea eraikitzeko, baina erakutsi du zein den bere borondatea: inposizioa, eta inpunitate osoarekin jardutea".
Hori, Olanoren iritziz, "espetxe politikaren erakusle da". Izan ere, "urte osoan Zapateroren gobernuak egin duena ildo horretan kokatzen da: preso gaixoak egoera oso larrian kartzelan mantentzen ditu, Parot doktrina aplikaturiko presoak hor daude, espetxe politikak bere horretan jarraitzen du".
ELA: "Mendekua da"
ELA sindikatuak ere kritikatu egin du De Juana kartzelan sartzeko erabakia, "mendekua delako, eta zerikusi txikia du Zuzenbide Estatuaren ezarpenarekin".
ELAren ustez, erabakia "logikarik gabekoa" da, "eta oportunismo politikoaren irizpideari segitzen dio". Espainiako Gobernua euskal gatazka konpontzeko "ez da gauza", ELAk dioenez, "eta erabaki honek hori ezkutatzea bilatzen du".
Askatasunak dio De Juanarekin ere "inposizioz" jokatu duela Espainiako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu