Iñaki de Juana euskal presoak "berehala gelditu behar du aske eta inolako baldintzarik gabe". Horixe exijitu du gaur Askatasunak. Izan ere, "prozesu demokratikoa aurrera ateratzeko" baldintza saihestezinetako bat dela uste dute.
Askatasunaren izenean Joxean Agirrek gogorarazi du De Juanak orain dela bi urte behar zuela kalean. Euskal preso donostiarrak 20 urte beteko ditu espetxean datorren urtarrilean eta Espainiako Auzitegi Nazionalak 12 urte eta zazpi hilabeteko zigorra ezarri dio gaur. Agirrek azaldu duenez, "Zigor Kode berria aintzat hartuta, ez du erredentzioak lortzeko eskubiderik izango". Askatasunekoak gaineratu duenez, "bizi osorako kartzela zigorra da, de facto ezarritakoa. Eraso berri horri aurre egiteko erantzun dio De Juanak gose-greba bat egiten".
Atzo goizean Espainiako El País eta El Mundo egunkariek zabaldu zuten De Juanari ezarriko zioten zigorrari buruzko filtrazioa, eta albiste hori jakitean gose grebari ekin zion berriz Aranjuezko espetxean (Madril). De Juanak 63 eguneko gose greba egin zuen abuztuaren 7tik urriaren 8ra, bere aurka egiten ari ziren «bidegabekeria» salatzeko. Askatasunak baieztatu egin zuen presoak gose grebari ekin diola, baina erabaki hori hartzera bultzatu duten arrazoien berririk ez zutela.
Bultzada politikoa
Juan Mari Olano Askatasuneko kideak auziaren hastapenak izan ditu gogoan eta nabarmendu du "bultzada politikoz eraikitako sumario bat" izan dela De Juanarena. "Exekutiboak bultzatutako prozedura judizial bat", gaineratu du. Hortik etorri da, Olanok azaldu duenez, Gara egunkarian "bi iritzi artikulu idazteagatik 96 urteko eskaera fiskala eta ondoren egin den epaiketa".
Olanok gogorarazi du, bitarte horretan jende askok eman duela auziri buruzko iritzia, "ez soilik ezker abertzaleak, baizik eta klase politiko osoak". Nabarmendu du justizia arloko jurista, abokatu eta abar bat etorri dela Askatasunak De Juanaren auziaren inguruan egin duen irakurketarekin: "Alegia, ulertezina dela, onartezina dela iritziak emateagatik 96 urteko eskaera fiskala proposatzea".
Politika
Askatasunaren hitzetan prozesuak aurrera egiteko, "De Juanak berehala gelditu behar du aske"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu