EAJk ere, Josu Jon Imaz EBBren presidenteak bezala, herri kontsulta egin aurretik akordio politikoak egon behar duela azpimarratu du gaur, baita "indarkeriarik gabeko eskenatokiak" egon behar duela ere. Eusko Jaurlaritzaren hirukoaren (EAJ, EA, EB) hitzarmenak hori jasotzen duela diote jeltzaleek, eta hor oinarritu dela Imaz bere artikuluan.
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiaren ustez, Imazen azken adierazpena "zentzuzkoa" da, "desberdinen arteko elkar ulertzeak herria egitea esan nahi duelako eta desegitea". Jarrera hori "sozialistek aspalditik" defenditzen dutela adierazi du Lopezek, "euskal gizartea oso plurala delako".
Pernando Barrena ezker abertzalearen buruzagiak uste du Imazen gutunak "nabarmen" erakusten duela "EAJk bake prozesuan izandako jarrera". "Negozioa bilatzen dute eta horregatik marko honi eutsi beharra daukate".
Rafa Larreina EAren Antolakuntza idazkariak "hautesleei emandako hitza bete" egingo dutela esan du, eta euskal herritarrek euren etorkizunaz iritzia emango dutela. "Imazek, berriz, Espainia liluratu nahi duen nahi horrekin, ahaztu egiten du euskal gizartea".
Amnistiaren Aldeko Batzordeek (AAM) ere kritikatu dute EAJren burua, "bera delako ezartzen eta eragozten lehena" (Ez ezarri, ez eragotzi izena du Imazen artikuluak), "herri kontsulta egin nahi ez izatean". AAMen aburuz, "Espainiako Armadaren eta Poliziaren ordezkari politiko bezala ageri da Imaz, lehendakariari herri kontsulta egitea eragotziz".
Askotariko erreakzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu