Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak baimena eman dio Astigarragako Udalari, hondakinak biltzeko sistemaren inguruan galdeketa egiteko. "Zein hondakin bilketa sistema nahi duzu?", izango da galdera, eta txip bidezko bosgarren edukiontziaren eta atez ateko sistemaren artean aukeratu beharko dute herritarrek.
Aurreko legealdian, atez ateko sistema ezarri zuen Astigarragako Udalak, orduan udal gobernuan EH Bildu zegoela. 2013ko apirilean jarri zuten martxan atez atekoa, eta 2014ko birziklatze tasa %84koa izan zen. 2015eko maiatzean hauteskundeak irabazi eta gero, EAJk osatzen du orain udal gobernua.