Atentatuaren kontrako jarrera agertu dute AHTren aurkako Elkarlaneko zenbait eragilek

2008ko abenduaren 4a
16:28
Entzun
AHT Gelditu! Elkarlaneko kide den ESK sindikatuak eta mugimendu bereko bozeramaileetako bat den Mikel Alvarezek ETAk atzo egindako hilketaren kontra daudela agertu dute.

"ESK, AHTren kontrako mugimenduko parte den heinean, metodo horiekin bat ez etortzeaz eta ez onartzeaz gain, jendaurrean esaten du AHT den bezalako azpiegitura zentzugaberen kontrako herritarren mugimendua indartzeko oztopo direla", dio sindikatuaren agiriak. "Inolako justifikaziorik ez duen krimen hau argi eta garbi arbuiatzen dugu" erantsi du. Halaber, "oinarrizko giza eskubideen kontrako jarduna" berehala bertan behera uzteko galdegin dio ETAri.

Elkarlaneko bozeramaileetakoa den Mikel Alvarezek, berriz, atentatuak "amorrua" eragin diola eta ETAk auzi horretan esku hartzea arbuiatzen duela adierazi du. Bere izenean soilik ari zela zehaztu du Alvarezek, baina AHTren aurkako mugimenduaren zutabeak "mobilizazioa, erresistentzia eta desobedientzia zibila" direla nabarmendu du. "AHT geraraztea eta eztabaida sustatzea gizarte mugimendutik sortzeko gai izango garen dinamikak eragingo du, eta ez erakunde armatu batek hartu duen ustezko berme rolak", esan du.

Atzoko atentatuaren ondorioz AHTren kontrako mugimenduan borroka moldeei buruzko "gogoeta sakona" abiatu behar dela erantsi du Alvarezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.