Athleticek bolada txarra amaitu gura du Zaragozan

2011ko martxoaren 2a
08:58
Entzun
Haritz Gallastegi

Athletic ez dago urduri. Jokatutako azkeneko hiru partidak galdu arren, konfiantzaz daude talde zuri-gorriko teknikari eta jokalariak. Batetik, bolada txarrean egon arren, datorren denboraldian Europako lehiaketa bat jokatzeko aukera ematen duten postuetan jarraitzen dutelako. Sasoi hasierako helburua betetzen ari direla, alegia. Hori bai, orain duela hiru jardunaldi baino tarte gutxiagorekin. Eta, bestetik, azken hiru partidak galdu arren, taldea itxura ona ematen ari delako. Aurkari guztien kontra aurpegia ematen ari dira zuri-gorriak. Beraz, oraingoz, ez dago estutzeko arrazoirik.

Hala ere, jakinekoa da futbola eta pazientzia ez direla bateragarriak. Ibilbide txarra behar baino gehiago luzatzen bada, urduritasuna agertzen da. Horregatik da garrantzitsua Athleticentzat gaur Romaredatik emaitza on batekin bueltatzea. «Dinamika aldatzeko, garrantzitsua izango da Zaragozan punturen bat eskuratzea», esan zuen atzo Joaquin Caparrosek.

Txapelketa azken txanpan sartzear dago. Beraz, jokoan dauden puntu guztiek dute garrantzia. Besteak beste, gero eta tarte txikiagoa dagoelako okerrak zuzentzeko. Zaragozak zein Athleticek argi dute hori. Horregatik, oso helburu ezberdinak izan arren, gogor egingo dute lan garaipena eskuratzeko. Etxeko taldeak hiru puntuen premia dauka jaitsierako postuetatik urruntzeko —puntu eskas batera du mailari eusten dion azken taldea—. Athleticek, berriz, onenen artean jarraitzeko. Beraz, bi taldeentzat da neurketa garrantzitsua. «Guretzat Zaragozarentzat bezain garrantzitsuak dira jokoan dauden puntuak».

Ander Herrerari begira

Athleticek gosea daukan talde bat espero du aurrean. Javier Agirrek haren talde guztiei ematen dien lehiakortasuna duena. Gainera, jakinekoa da aspaldian arazo handiekin dabilen taldea dela Zaragoza. Zelaian erakusten duen ezinaren oinarria berdegunetik kanpo hasitako krisi baten ondorioa baino ez da. Zaragozarena krisi instituzionala da: arlo ekonomikoan, kirol arloan, zuzendaritzan… klub bat osatzen duten oinarrizko kontu guztietan ditu arazoak. Hala ere, jokalariek aurrera egin gura dutela dirudi. Horri aurre egiteko, bi gauza eskatu die Caparrosek jokalariei. «Erasoan oldarkorrak izan behar gara. Ate aurrean, berriz, eraginkorrak».

Zaragozaren kontrako neurketek ez dute aparteko interesik sortzen jarraitzaile zuri-gorrien artean. Gaurkoan, ordea, ohikoa baino gehiago jarraituko dute aurkariaren jokoa. Han, datorren denboraldian Athletic indartuko duen Ander Herrerak jokatuko duelako. Bitxia izango litzateke klub zuri-gorriak fitxatutako jokalari batek neurketa bikaina jokatzea eta golen bat sartuta taldeari irabazten laguntzea —dagoeneko lau milioi euro ordaindu ditu Athleticek haren fitxaketagatik—. Bestalde, Carlos Gurpegiren parte hartzea kolokan dago. Belaunean min du Andosillakoak, baina jokatuko duela dirudi. Jokatuko ez balu, Pablo Orbaizek ordezkatuko luke. Deialdiari dagokionez, Fernando Amorebieta eta Iñigo Diaz de Zerio ez daude zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.