EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteari "gehiegizkoa" iruditu zaio Xabier Lopez Peñaren heriotza espetxe politikari egoztea; "propaganda" egitea egotzi dio ezker abertzaleari.
Xabier Lopez Peña euskal presoaren heriotzean "arraroa" Itxaso Atutxa EAJko BBBko presidenteari iruditu zaion "bakarra familiari eta abokatuari entzundakoa" da, gaur goizean Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean adierazi duenez.
Lopez Peñaren familiak atzo jakinarazi zuen auzitara joko duela, presoak jasan duen "jarrera basatia" salatzeko. Atutxak "gehiegizkoa" deritzo Lopez Peñaren heriotza espetxe politikari egozteari: "Ditugun datu bakarrak dira gaixo zegoela eta larritasun prozesuak heriotzera eraman duela".
Ezker abertzaleko buruzagiek Lopez Peñaren heriotzaren harira izandako erreakzioak ere "gehiegizkoak" izan direla uste du Atutxak: "Sortu eta Bildu aurreko diskurtso zaharrean jarraitzen dute; pentsatzen dut euren katarsirako denbora behar dutela". Halaber, adierazi du ETAri dagokola "desarmerako eta desegiteko urratsak egitea".
Aurrekontuetan, berririk ez
Aurrekontuen harira alderdiekin izandako elkarrizketei buruz, Atutxak esan du ez dagoela berririk eta "hausnarketarako" astea izango dela. Azaldu du guztiekin hitz egingo dutela, baina PSEk ez badu abstentzioaren alde egiten, PPrekin eta UPDrekin akordioak egiteko aukera landuko dutela: "PP da oztopo gutxien jartzen dituena, jarrera positiboa izaten ari dena, baina UPD misterio bat iruditzen zait beti".