Atutxa: "Zapalkuntza baten aurrean erakunde baten duintasuna defenditu genuen"

2017ko ekainaren 13a
13:55
Entzun

"Benetan pozik" azaldu da hedabideen aurrera Juan Mari Atutxa, Bilbon, EAJren Sabin Etxean, Gorka Knorren, Kontxi Bilbaoren eta hiruren auzian "egia" nagusitu delako eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia eman dielako. "Gu ez ginen desobedienteak izan. [Espainiako Estatuaren aldetik] Manipulazio latz baten biktima izan ginen. Herri baten borondatetik sortutako parlamentu bat belauniko jarri nahi zuten, gure parlamentua bosgarren mailakoa kontsideratzea. Zapalkuntza baten aurrean erakunde baten duintasuna defenditu genuen. Gurea ere bai".

"Hamalau urteko kalbario antzeko bat" pairatu dutela esan du Atutxak, baina ez zaiola damutzen 2003an, Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidentea zela, Batasunaren legez kanporatzea zela-eta Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik. "Gauza berbera egingo nuke gure erakundeen duintasunari eusteko".

Agerraldian ondoan izan ditu Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, alderdiko beste kide batzuk eta sendia. Txaloz hartu eta agurtu dute.

Knorr: "Eskerrik asko urte hauetan zehar gure alde izan diren guztiei"

Ebazpenaren berri izan eta berehala, sare sozialetan mezua idatzi du Knorrek: "Irabazi dugu Estrasburgon. Eskerrik asko urte hauetan zehar gure alde izan diren guztiei. Besarkada beroa Juan Mari Atutxa eta Kontxi Bilbaori". Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere pozik azaldu da erabakiarekin: "Estrasburgok baieztatu du guk beti argi izan duguna: Atutxak zuzen jokatu zuela. Zorionak, Juan Mari, eta eskerrik asko!".

Jaurlaritzaren izenean, Josu Erkoreka bozeramaileak nabarmendu du Estrasburgok "irmo" adierazi duela Atutxak, Knörrek eta Bilbaok ez zutela bidezko prozesu judizialik izan: "Azkenean onartu da [hirurek] hartutako erabakia ariketa demokratikoa eta legezkoa izan zela". Erkorekaren esanetan, Eusko Legebiltzarraren "irudi instituzionala duintasunez babestu" zuten: "Beren jarrera eredugarria izan da".

Artur Mas Kataluniako gobernuburu ohia ere pozik azaldu da erabakiarekn, eta uste du frogatu duela Espainiako epaitegien "arbitrariotasuna eta politizazioa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.