Atxiloketak prozesuaren kontrakoak direla salatu dute alderdi gehienek

2010eko abenduaren 16a
16:04
Entzun
Operazioarekin "itxaropena" hil nahi dutela salatu du Txelui Morenok

Txelui Morenok Info7 irratian esan duenez, gaurko atxiloketek kezka eragiten dute ezker abertzalearengan, eta horrelako jokaerekin gogaituta agertu da: "Hitzik ez dago, PSOE banatzen duen loteria da hau, eta beti guri tokatzen zaigu. Harrigarria da nola eramaten dituzten gure gazteak herrietatik, inpunitate osoarekin". Gaurkoa bezalako operazioarekin itxaropena hil nahi dutela salatu du Morenok, eta horren aurrean "beste behin" burua altxatu behar dela. Gainera, PSOEk biolentzia helburu politikoak lortzeko erabiltzen duela esan du, eta PSOEko oinarriko militanteei zuzendu zaien herri honentzat nahi dutena hori ote den galdetzeko. "Zapatero, Patxi Lopez, Ares, Rubalcaba... giza eskubideen murrizketa, inkomunikazioa eta tortura da eskaintzen ari zaizkiguna. Baina guzti hori egiten ari badira, guk aukeratu dugun bideak min ematen dielako da, eta horrek esan nahi du asmatzen ari garela. Horregatik gaituzte jomugan".

EAk elkartasuna adierazi die atxilotuei

Juanjo Agirrezabala EAko bozeramaileak elkartasuna adierazi die gaur bart gaueko atxilotuei, eta politika egiteko ari zirela lanean azpimarratu du. Gaurko sarekadaren helburua ezker abertzaleak abiatu duen bidea "zailtzea" dela esan du. "Onartezina da, ezin baita politika egiteko lanean ari diren eta herri hau bake eszenatoki batera eraman nahi duten pertsonak atxilotu", gaineratu du.

Aralarrek atxiloketak gaitzetsi ditu, eta ez dutela laguntzen salatu du

Txentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak bart gaueko atxiloketak gaitzetsi ditu, eta operazioaren helburu bakarra "sendotasuna eta gogortasuna" azaltzea dela salatu du. Horrek, ez duela gatazkaren konponketan laguntzen ere esan du. "Oinarrizko printzipioak hausten ditu, politika egin ahal izatearena bezala". "Ez gara esaten ari ETAko bi kide pistola gerrian harrapatu dituztela eta atxilotu dituztela. Gauden egoera gaudenetik Estatuak ekin dion aldi bakoitzeko politika egiten ari zirenen aurka egin du. Oraingoan Segi gazte erakundearen aurka egin dute. Hori arrazoitzerik ez dago", esan du. Azkenik, Jimenezek bere elkartasuna adierazi dio Marine Pueyo Iruñeko zinegotziari, atxilotuetako bat bere alaba delako.

Roberto Jimenez PSNko idazkaria Espainiako Polizia zoriondu du

PSNko idazkari Roberto Jimenezek Espainiako Polizia zoriondu du gaur, bart gauean egin dituen atxiloketengatik. Espainiako Gobernuak, "Zuzenbide Estatuak eskaintzen dituen baliabideen bitartez", ikertu, atxilotu eta "terrorismoaren ingurua osatzen dutenak" epailearen aurrera eraman behar dituela esan du, "atsedenik eta salbuespenik gabe". Espainiako segurtasun indarrek "demokrata guztioen" babesa dutela jakin behar dutela esan du, "betiko terrorismoaren gaitza desagertarazeko".

Politikan aritzea ez dela delitu argudiatuz, atxilotuak askatzeko eskatu du Lokarrik

Lokarrik gaurko atxiloketak gaitzetsi ditu, eta politikan aritzea ez dela delitu argudiatuz, zortziak askatzeko eskatu du. Gainera, errugabetasun presuntzioa ez dela errespetatzen salatu du, eta Egunkaria auzia eta Anoetako proposamenaren auzia ekarri ditu gogora (auzipetuak absolbitu zituen Auzitegi Nazionalak) Espainian atxilotuen eskubideak ez direla bermatzen salatzeko. Azkenik, bakea giza-eskubide guztiekiko errespetua behar duela aldarrikatu du, eta horien barruan politikan parte hartzeko eskubidea ere badagoela gogorarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.