Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu azken orduetan euren bikoteak jotzea leporatuta. Lehen atxiloketa Bergaran gertatu zen, atzo iluntzean. Herrizaingo Sailak azaldu duenez, 64 urteko gizon batek ustez eltze batekin emaztea jo zuen buruan. Emakumeak zauri bat zuen ezkerreko begian, eta ospitalera eraman zuten.
Beste atxiloketa Errenterian izan da, gaur goizaldean. Ustez 30 urteko gazte batek bere bikotea jo du.
Bi atxiloketa horiekin, hiru dira Gipuzkoan azken orduetan atxilotutako gizonak, atzo Eibarren beste gizonezko bat atxilotu baitzuten, herriko enparantzan haurdun dagoen bere bikotea jo eta iraintzeagatik.