Atxilotuak tratu txarrak jasotzen ari direla eta eskubiderik gabe daudela salatu du Amnesty Internationalek

2013ko uztailaren 17a
15:49
Entzun

Jipoiak, deskarga elektrikoak eta fusilen ipurdiarekin emandako kolpeak jasaten ari dira Egiptoko armadak atxilotutako Mursiren jarraitzaileak. Horrez gain, legalki dagozkien eskubideak kendu dizkietela salatu du Amnesty Internationaleko kide Hassiba Haj Sahraouik. Horrez gain, gogorarazi du oraindik ez dakitela non dagoen armadak kargugabetutako presidente Mohamed Mursi, eta haren "desagerpena behartua" dela adierazi du, eta abokatua izateko edo familiarengan iristeko "oinarrizko eskubideak ukatu" dizkiotela salatu du.

Hainbat abokatuk erakunde horri helarazi dionez, Kairon bakarrik ia 700 pertsona atxilotu dituzte guztira, tartean Anaia Musulmanen eta horren alderdi Askatasuna eta Justiziako buruzagiak. Uztailaren 8an izan ziren atxilotu gehien, Guardia Errepublikanoaren egoitzaren aurrean jazotako istiluetan —51 pertsona hil ziren—. Atxilotu gehienak aske daude jada, baina abokatuek Amnesty Internationali jakinarazi dietenez, kartzelan jarraitzen dutenek "bermea ordaindu ezin dutelako jarraitzen dute bertan" —1.000 eta 1.500 libera egipziar eskatzen dizkiete; 108 eta 162 euro artean).

Amnesty Internationalek atxilotu guztiek legez dituzten eskubideak errespetatzeko eta tratu txarren salaketak presaz ikertzeko eskatu die Egiptoko agintariei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.