GIPUZKOA
Enekoitz Oiartzabal Lizarralde: 23 urteko oiartzuarra, lanera bidean atxilotu zuten, Oiartzunen bertan. Goizaldeko 00:00etan sartu behar zuen lanera, baina, Berriak jakin duenez, ez zen lanera iritsi. Beraz, Espainiako Poliziak lanerako bidean atxilotu zuela uste dute haren senideek. Ordubete beranduago, 01:00ak inguruan, poliziak gurasoen etxera joan ziren, gaztea beraiekin zeramatela. Oiartzabalen gurasoen etxea miatu egin zuten, eta irteterako orduan Enekoitz Oiartzabal Madrilera eramango zutela jakinarazi zien gurasoei Espainiako Poliziak.
Zuhaitz Izagirre Ameztoi: 23 urtekoa. Oiartzabal bezala, hau ere lanerako bidean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Oiartzunen, eta aurrekoaren ordu bertsuan. Izagirre gurasoen etxera eraman zuten, baina etxean ez zegoen inor. Berriak jakin duenez, haren izeba ohartu zen etxea miatzen ari zirela, eta gaztearen amaren bila joan zen, haren lantokira. Ama eta biak etxera itzuli ziren, eta, poliziak barruan zeuden arren, etxean sartzea lortu eta Zuhaitz Izagirre ikusi ahal izan zuten une batez.
David Brum Martinez: 23 urtekoa. Oiartzunen, gurasoen etxean bertan, egin zuen atxiloketa Espainiako Poliziak. Berriak ez zuen atxiloketari buruzko informazio gehiago lortu; bakarrik, 00:00ak eta 03:00ak bitartean egin zituztela Oiartzungo atxiloketa guztiak.
Gaizka Garcia Urbieta: 24 urtekoa. Izatez oiartzuarra da Gaizka Garcia, baina Deban atxilotu zuten. Markinan (Bizkaia) ari da ikasketak egiten, eta Deban bizi da.
Gaizka Azkarate Garai: 30 urtekoa. Arrasaten, gurasoen etxean, atxilotu zuten, 12:30ak inguruan. Miaketak bi ordu inguru iraun zuen, eta 14:30ak aldera joan zen Espainiako Polizia bere etxetik. Berriak jasotako informazioaren arabera, «nahiko bortitza» izan zen polizien sarrera; gurasoak gela batean sartu zituzten eta ez zieten ezer ikusten utzi. Gaizka Garciaren eta arrebaren gelak miatu zituzten batez ere, eta baita handik hainbat gauza eraman ere.
Saioa Azua Galparsoro:28 urtekoa. Arrasateko bi atxiloketak modu eta ordu bertsuan gertatu ziren. Saioa Alzua ere gurasoen etxean atxilotu zuten, eta 12:30ean sartu ziren poliziak haren etxean ere.
Xabier Otaegi Olasagasti: 32 urtekoa. Lasarten atxilotu zuen Espainiako Poliziak, neska-lagunarekin zela. Etxea miatu eta haren agendak eta hainbat paper eraman zituzten.
Ruben Gelbenzu Gonzalez: 29 urtekoa. Andoainen atxilotu zuten, ustez lanera bidean. 22:30an zen lanera sartzekoa, baina ez zen iritsi. Berriak jakin duenez, hala ere, inork ez daki 22:30etik 00:30era bitartean Ruben Gelbenzu non izan zen. Izan ere, 00:30ean joan zen Espainiako Polizia Gelbenzuren gurasoen etxea miatzera. Gurasoek hura ikusteko aukera izan zuten, nahiz eta ez zieten harekin ia hitz egiten utzi. Gurasoen etxetik ordenagailua eraman zuten, eta baita ustez hainbat paperekin betetako kirol-poltsa bat ere. Horren ondoren, Espainiako Polizia Gelbenzuk Villabonan zuen etxea miatzera joan zen. Gurasoei gaztea Madrilera eramango zutela adierazi zien Poliziak.
Regina Maiztegi Aboitiz: 34 urtekoa. Maiztegi Soraluzekoa da, baina Sevillan (Espainia) atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Berriak ez du lortu honen atxiloketari buruz ezer jakitea. Hala ere, Espainiako Gobernuak Andaluzian duen Ordezkaritzak jakinarazi zuenez, Maiztegi Huelvako espetxera zihoan, senide preso bat bisitatzera.
Eneko Gorostidi Mujika: 26 urtekoa. Villabonako gaztea izan zen atzoko operazioan azken atxilotua. Atxiloketa ez zen goizaldean gertatu, eguerdi partean baizik. 13:30ak inguruan, lanetik etxera zihoala atxilotu zuten. Ondoren, Espainiako Poliziak bere etxera eraman zuten, han miaketa egitera. Miaketa arratsaldeko 18:00ak arte luzatu zen, eta ordurako hainbat lagun elkartu ziren haren etxeko atari aurrean. Hala, han bildutakoek Eneko Gorostidi nola ateratzen zuten ikusi ahal izan zuten, eta hainbat tentsio une ere bizi izan ziren. Anaiak izan zuen ikusteko aukera, atxiloketaren berri izan bezain laster haren etxera joan baitzen, eta une batez ikustea lortu zuen. Baieztatu gabe dagoen arren, Berriak jasotako informazioen arabera, Espainiako Poliziak Enekoren anaiak Zizurkilen duen etxea ere miatu zuen arratsaldean.
NAFARROAN
Goizeder Anton Iturralde: 30 urtekoa. Iruñeko Alde Zaharrean atxilotu zuten. Askatasunak esan zuenez, goizaldeko 02:30ean gertatu zen atxiloketa. Bera eta bere laguna zeuden etxean, eta Polizia «bortizki» sartu zen etxera; laguna lurrera bota zuten. Miaketak ordu eta erdi iraun zuen, eta hainbat paper eraman zituzten etxetik.
Ikerne Indakoetxea Barberia: 26 urtekoa. Iruñeko Etxabakoiz auzoan atxilotu zuten, gauerdia pasata. Gurasoen etxean atxilotu zuten, eta aitak Euskal Herria Irratian azaldu zuenez, etxea miatu eta ordenagailu bat eraman zuten bertatik. Askatasunak atzo jakin zuenez, Espainiako Poliziaren hiru furgoneta eta kalez jantzitako polizien bi auto egon ziren atxiloketaren unean.
Atxilotuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu